Sareak

☉ Etxebarri

Asier Nieto Marcos: «Hispanoekin jokatzeko aukera ondo aprobetxatuko dut»

Mediterraneoko Jokoak jokatuko ditu ekaina eta uztaila bitartean Asier Nieto etxebarritarrak Hispanoekin. Bere lehen aldia da selekzio absolutuarekin.

|

Asier Nieto // Argazkia: Andrey Sapizhak

Duela hamar urte inguru hasi zen Asier Nieto Marcos (Bilbo, 1997) etxebarritarra eskubaloian jokatzen. Hasieran ondo pasatzeko eta lagunekin egoteko egiten zuen, baina gaur egun eskubaloian jokatzetik bizi da. Basauriko Eskubaloi Taldean jokatu zituen lehen partiduak eta Barakaldotik, Torrelavegatik eta Alcobendasetik pasa ondoren, Huescako Eskubaloi Klubean jokatzen du duela hiru denboralditatik hona. Asobal Ligako lehen mailan jokatzen du eta “bere aldakortasunagatik” Mediterraneoko Jokoak jokatzeko deitu du Espainiako selekzio absolutuak lehen aldiz. Ekainaren 25etik uztailaren 5era bitartean jokatuko dira Mediterraneoko Jokoak Aljerian. Hispanoek ekainaren 28an jokatuko dute lehen partidua Turkiaren aurka (TDT, 21:00); datozen partiduak dira: ekainaren 30ean Ipar Macedoniaren kontra (18:00), uztailaren 1ean Greziaren kontra (18:00) eta uztailaren 2an Argeliaren aurka (20:00).

Zorionak, Asier! Hispanoekin Mediterraneoko Jokoak jokatzeko deitu zaituzte!
Sinestezina da. Nire ustez, hori da aukerarik handiena eskubaloia bezalako kirol batean jokatzen duzunean. Aurretik ere deitu ninduten Junior Selekzioarekin, gazteen selekzioarekin, 2015ean, 2016an eta 2017an. Duela urte dezente izan zen hori, eta horregatik ez nuen espero selekzio absolututik deituko nindutenik. Badakizu hor dagoela aukera, baina beti ikusten duzu urrun, jokalari oso onak daudelako. Oso pozik nago, poz-pozik eta eskertuta. Aukera hau ondo aprobetxatu nahi dut.

Lehen aldiz deitu zaituzte selekzio nagusiarekin jokatzeko?
Bai, selekzio absolutuarekin jokatzeko aukera dudan lehen aldia da. Egia esan lan asko egin dut, egunero. Azkenean, urte asko dira entrenatzen, lan fisikoa egiten, pistan lan egiten… Orain iritsi zait aukera, eta aprobetxatzeko eta egiten dudana erakusteko gogoz nago.

Zer eskakizun-maila du eskubaloiak, eta are gehiago Mediterraneoko Jokoek?
Exijentzia handia eskatzen du eskubaloiak, behintzat guk Huescan jokatzen dugun mailan edo nik joka dezakedan mailan. Azken finean horretarako bizi naiz, egunero ari naiz entrenatzen, egunero lan fisikoa egiten, eta nik uste dut maila eta exijentzia direla nagusi, eta are gehiago selekzio nazionalarekin zoazenean. Espainia historikoki dominen borrokan egon den selekzioa da, eta Mediterraneoko Jokoetan horrela izan behar du. Irabazteko borrokan egon behar dugu, eta tira, hori da eskatuko digutena.

Mediterraneoko Jokoak zer diren ez dakiten pertsonak egongo dira.
Joko Olinpiko moduko batzuk dira, baina eskala txikiagokoak edo ez hain ezagunak.

Zein herrialde sailkatzen dira Joko hauetarako?
Aljeria, Egipto, Maroko, Andorra, Kroazia, Eslovenia, Espainia, Frantzia, Grezia, Ipar Mazedonia… 30 herrialde inguru dira lehiaketan parte hartzen dutenak.

Zer nolako aurkariak aurkituko dituzue eskubaloian?
Selekzio nazionalak dira eta horrek esan nahi du maila gorenekoak direla, gurea bezala. Txapelketa oso zorrotza izango da eta, lehen esan dizudan bezala, Espainiak dominen borrokan egon behar du, historikoki beti egon delako hor.

Noiz hasi zinen eskubaloian?
14 edo 15 urterekin hasi nintzen, bigarren urteko kadeteen kategorian. Berandu hasi nintzen, eskubaloia beti izan zelako telebistan jarraitzen nuen kirola, ezagutzen nuena eta gustatzen zitzaidana, baina gauza batengatik edo besteagatik beti aukeratu izan nituen beste kirol batzuk, harik eta urte hartan harra sartu zitzaidan arte. Lagun bat nuen Basaurin jolasten, egun batean probatzera joan nintzen eta geroztik hemen ari naiz.

Basauriko taldeaz gain beste talde batzuetan ere izan zara Huescara iritsi baino lehen.
Bai. Urte eta erdiz Basaurin jokatu nuen, Atletico Basaurin, gero Barakaldon bi urte eman nituen jokatzen, eta hortik Torrelavegara joan nintzen. Urtebete eman nuen Kantabriako talde hartan. Gero, hiru urte Alcobendasen, eta orain nire hirugarren urtea da Huescan.

Eskualdean talde handiak ditugu, hala nola, Kukullaga edo Atletico Basauri. Huescan zaudela, talde horiek hurbiletik jarraitzen dituzu?
Nik ez nuen Kukullagan jokatu, baina jarraitzen dut nire arrebak bertan jokatzen duelako, nesken lehen taldean. Eta Atletico Basauriri dagokionez, sare sozialetan jarraitzen dut euren ibilbidea.

Zer gogoratzen duzu eskubaloian hasi zineneko garaietatik?
Lehen ondo pasatzeko eta lagunekin egoteko jokatzen nuen eskubaloian, eta orain jokatzen dut honetan lan egiten dudalako eta nire lanbide bihurtu delako. Nire hastapenak oso maitekiro gogoratzen ditut. Azkenean, markatzen zaituzten etapak dira. Nik beti esan dut eskubaloiak duen onena zurekin dagoen jendea dela. Gehien gogoratzen dudana eta gehien markatzen nauena da urte hauetan guztietan egin ditudan lagunak eta gaur egun oraindik mantentzen ditudanak.

Orain Huescako Eskubaloi Klubean zaude, Asobal Ligako lehenengo mailan.
Hiru urte daramatzat hemen, 2019-2020 denboraldiaz geroztik. Lehen Mailan jokatzen dugu, Asobal Ligan, maila gorena estatu mailan. Oso harrera ona egin zidaten. Oso klub familiarra da, oso ondo lan egiten da bertan. Zuzendaritzak, entrenatzaileak, taldekideok familia bat osatzen dugu, eta denok elkarrekin oso ondo egiten dugu lan. Oso ondo nago hemen, beti tratatu naute ondo, maitasun eta errespetu handiz.

Zure egungo klubaren arabera jokalari aldakorra zara.
Jokalari gisa dudan indarguneetako bat da denetarik egin dezakedala. Jokalari batzuk trebeak dira erasoan, beste batzuk defentsan. Nire kasuan esan dezagun gauza guztietan egin dezakedala ekarpena: maila onean defenda dezaket eta erasoa ere eman dezaket.

Zer egin behar du jokalari batek defentsan zein erasoan ekarpenak egiteko?
Nik uste dut batez ere entrenatu, entrenatu eta entrenatu egin behar dela, dohainak izateak ere laguntzen du, eta egin dezakezula sinetsi behar duzu. Hori da garrantzitsuena.

Taldeko kirola izanik, taldekideen artean elkar ulertu beharko duzue, batzuetan begirada bakar batekin ere bai.
Bai, noski. Pabiloietan jende asko dagoenean, ezin duzu taldekideekin hitz egin ez dizutelako entzuten; orduan, askotan, begirada batekin edo taldekideekin duzun keinu konplize batekin, badakizu zer jokaldi egingo duten edo badakizu zer nahi duten zuk egitea. Hori entrenatuz eta taldekideak ezagutuz lantzen da, haiekin harreman ona izanez. Batez ere entrenatzen eta praktikatzen, gero partiduetan gauza bera egiteko.

Eskubaloian jokatzetik bizi zara?
Bai. Une honetan esan dezaket eskubaloitik bizi naizela. Nire diru-iturri nagusia da, gaur egun nire bizitza markatzen duena: nire oporrak markatzen dituena, nire ordutegiak markatzen dituena, nire bizitzeko modua… Nire kasuan, ikasketekin uztartu dut duela urte eta erdi Kirol Zientzien karrera amaitu nuen arte, baina orain eskubaloian % 100ean eskubaloian jokatzetik bizi naizela esan dezaket.

Zein da zure errutina?
Jateari dagokionez, ez dut dieta zorrotzik egiten, baina saiatzen naiz neure burua behar bezala zaintzen, ondo atseden hartzen. Kontua da ahalik eta gehien errenditzea, eta bai nutrizioak eta bai entrenamenduek markatuko dute zer egingo duzun gero partiduan errendimenduari eta sentsazioei dagokienez. Nire egunerokoa hauxe da: jaikitzen naiz, goizetan gimnasiora joaten naiz, ordubete gutxienez, eta arratsaldetan gutxienez bizpahiru orduz entrenatzen dugu egunero. Gero, asteburuetan, larunbatetan edo igandeetan, partidua.

Eta egun bat libre duzunean?
Egun libre bat dudanean, eskubaloiarekin zerikusirik ez duen zerbait egiteko aprobetxatzen dut, adibidez, mendira joateko, txango txikiren bat egiteko… Batez ere deskonektatzeko eta eskubaloian bakarrik ez pentsatzeko.

Zure errutina aldatuko al da Hispanoen deia jaso ostean?
Ez dut uste (kar, kar, kar)! Nire udako oporrak aldatuko dira. Deitu izan ez banindute ia bi hilabeteko oporrak izango nituzkeen, eta orain hiru aste baino gehiago egon behar dut selekzioarekin, baina ni pozik! Opor bedeinkatuak! (kar, kar, kar)

Eskubaloiak gizartean zein leku duen galdetuko banizu.
Nik ikusten dut eskubaloia jendeari gustatzen zaiola. Nire hurbilekoek edo lagunek —eskubaloiaz ezer ez dakitenek— eskubaloiko partida bat ikusi izan dutenean beti esan dute gustuko kirola dutela: ikusteko oso ondo dagoen kirola dela, oso kirol dinamikoa dela, oso aktiboa dela, ikusteko oso alaia. Horregatik uste dut arazoa dela ez zaiola ikusgarritasunik ematen eta ez direla gauzak egiten jende berria erakartzeko. Oso kirol maitatua da eskubaloian jokatzen dugunontzat, baita familia honetan aritzen direnentzat ere; baina uste dut arazoa dela hortik harago ez dela saltzen, eta hori da nire iritziz aldatu behar duguna.

Zure ustez, eskola-kirola, oro har, ondo bideratuta dago haurrengana? Edo zerbait hobetu beharko litzateke?
Eskola-kirolaren inguruan ez dakit gauza askorik. Ikastetxeetan gorputz-hezkuntzako orduak kentzen dira lehenik eta behin, eta hori ez zait ondo iruditzen. Kirola osasuna izateaz gain, beti defendatuko dut kirolak norberaren bizi-kalitatea hobetzea dakarrela. Kirola hortik harago doala uste dut: azkenean, askotan talde-dinamikak izaten dira, beste ikaskideekin kohesioa bilatzen du.
Uste dut ez dagoela gaizki bideratuta eskola-kirolean, baina uste dut garrantzi handiagoa eman beharko litzaiokeela, eta ez bakarrik errendimenduari eta osasunari dagokienez, baita, adibidez, pertsonen arteko harremanak sustatzeko ere.

Non eta nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?
Ez dut pentsatu ere egin. Kirol Zientzietan graduatua naiz, une jakin batean lan-irteeraren bat eman diezadakeena, baina oraintxe bertan ilusio handiz eskubaloian zentratuta nago. Beste urte batzuk gehiago jokatzen jarraitu nahi dut, aurrera egiten ari naizela ikusten dudalako, eta, azkenean, horrek azkenean motibatu egiten nau, ea noraino iristeko gai naizen, zein mailatan joka dezakedan.
Gero denborak esango du. Ez dakit suhiltzaile oposizio bat prestatuko dudan… Beti erakarri izan nauen zerbait da, askotan burutik pasatu zaidana, baina ez dut denbora asko galtzen horretan pentsatzen. Orain buru-belarri ari naiz entrenatzen, egunero hobetzen, eta denborak esango du non amaituko dudan etorkizunean.

Asier Nietori elkarrizketa egin genionean Huescako klubean jokatzen zuen. Denboraldia amaituta, ekainaren 7an Bidasoa-Irun klubak fitxatu du datozen hiru denboraldietan jokatzeko. Bere anaia, Gorka Nieto (Basauri, 2002), Bidasoan jokatzen du 2019/2020 denboralditik.

☉ Etxebarri

Areto futboleko emakumezkoen Kukuiagak liga txapelketa irabazi du lehen aldiz

17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea izan baita

|

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldea / Kukuiaga FS

Azken jardunaldiaren faltan garaikurra ziurtatu zuen Kukuiagaren emakumezkoen senior taldeak Bilboko Otxartabe taldeari 5-0 irabazi ondoren. Ez da halako emaitza ikusgarria lortzen duten lehen aldia, inondik inora, gol gehien sartu eta gutxien jaso dituen taldea izan baita etxebarritarra. 17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea ere izan baitira.

Fran Rodriguez entrenatzailearen arabera “poz izugarria” eta “aurrerapauso handia” da klubarentzat aurten lortu dutena. Eskarmentu handiko entrenatzailea den arren, klubean hamarkada luzea darama, bere lehen esperientzia izan da emakumezkoen taldearekin, eta “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du basauriarrak.

Lortutako uzta ez da hor bukatzen Kukuiagarentzat, ordea, oraindik beste bi sari potolo lortzeko aukera baitute: Gipuzkoa eta Arabako txapeldunen kontra jokatu beharko dute, estatuko mailako faserako txartela lortu nahian. Helburu hori erdietsiz gero, estatu mailako fasean bigarren mailarako igoera legoke jokoan. Rodriguezen ustez, baina, “egindakoaz gozatzeko eta pausoz pauso” joateko momentua da.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarri / Korrika 23 / 2024

|

Aperribai atzean utzi eta 23. Korrikako lekukoa Etxebarrira heldu da. San Antoniotik aldapan gora eta aldapan behera, Etxebarri herrigunetik ibili da Korrika. Ikusi furgonetatik atera dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Argazkiak / Aldapan gora, aldapan behera egin du 23. Korrikak Etxebarrin

|

Galdakaotik eta Aperribaitik igaro ondoren, Etxebarrik hartu du 23. Korrikako lekukoa. San Antonio eta Etxebarri arteko bidegurutzean izan gara.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Lantegi Batuakek industria zentro berria martxan jarri du Etxebarrin

|

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatua atzo izan ziren Etxebarriko Lantegi Batuaken zentro berria bisitatzen // Lantegi Batuak

Muntaia elektriko eta elektromekanikoetan espezializatutako zentro berria zabaldu du Lantegi Batuak erakundeak Etxebarrin.

Zentroa ekipamendu elektrikoko ondasunak mihiztatzen espezializatuta dago, eta energiaren sektoreko balio-kate osorako produktuak eta soluzioak sortzen ditu, “baita sorkuntza, kontrola, banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua eta sare adimendunak ere”, diote.

Lantegi Batuak erakundeak Bizkaian duen hogeigarren zentroa da. Hego Uribe eskualdean lau zentro daude: hiru Etxebarrin eta bakarra Basaurin. Era berean, zerbitzuak eskaintzen ditu erakundeak Arrigorriagan eta Galdakaon (garbiketa eta lorezaintza, hurrenez hurren) eta langileak ditu Ugaoko, Zaratamoko eta Zeberioko enpresetan.

Etxebarriko zentro berriak Bilbo Handiko eskualdeko desgaitasuna duten pertsonen enplegu-eskaerari erantzuten dio. Bertan, 162 pertsonak egiten dute lan gaur egun (% 29 emakumeak, % 31 gizonak), eta horietatik 140 desgaitasuna duten pertsonak dira.

Elixabete Etxanobe Lantegi Batuakeko erabiltzaile talde batekin hizketan // Bizkaia

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak Etxebarriko industria zentro berria bisitatu zuten martxoaren 19an.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lantegi Batuak elkarteak 30 urte baino gehiago daramatzate lankidetzan desgaitasuna duten pertsonentzako okupazio-zerbitzua emateko. Lantegi Batuak erakundeak 800 okupazio-plaza kudeatzen ditu, Aldundiaren erantzukizuneko gizarte-zerbitzu honek eskaintzen dituen 1.300 plazetatik.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Def Con Dos, Parabellum eta Kaos Etiliko, Etxebarriko Ehuneko Bat jaialdian

|

Def Con Dos taldea iaz Barakaldoko Hiriko Soinuak jaialdian // Hiriko Soinuak

Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean izango da Ehunkeko Bat Punk-Rock jaialdia Etxebarriko Bekosolo parkean.

Aurten Def Con Dos, Frakture, Kruddo, Parabellum, Kaos Etiliko, Envidia Kotxina, Sanngre, Ignotus, Seiskafes eta Zero taldeen musika entzun ahalko da jaialdian.

Sarrerak salgai daude woutick.es webgunearen bitartez. Ostiraleko sarrerak 15 euroan daude salgai eta larunbatekoak 25 euroan.

Osorik irakurri