→Etxebarri

Lezama Legizamon kalean igogailu berri bat eraikitzeko 500.000 euro bideratuko ditu Etxebarrik

Lezama Legizamon kaleko 9, 11 eta 13 zenbakietako hego-mendebaldean jarriko du Udalak igogailua // Argazkia: Etxebarriko Udala

Herrian hobekuntzak egiteko 1,9 milioi euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak. Besteak beste, Lezama Legizamon kalean igogailu berri bat eraikitzea, Gizarte Zerbitzuetarako lokal berri bat egokitzea, Bizikleta Ardatz Tronkalaren hirugarren fasea abian jartzea, Goiko Jubilatuen Etxeko sukaldea eraberritzea eta zentro soziokultural berriaren partaidetza prozesua hastea aurreikusten ditu Udalak.

Lezama Legizamon kaleko 9, 11 eta 13 zenbakietako hego-mendebaldean jarriko du Udalak igogailua eta horretarako 500.000 euro onartu ditu udalbatzak. Hiru geldialdi izango ditu igogailuak, “auzokideen atarietara eta Boketera doan goiko errepiderako irisgarritasuna erraztuz”, diote udal arduradunek: “Horrela, gune horretako eskuragarritasun arazoak konponduko dira eta, bai Lezama Legizamon industraildearekin bai Tomas Meabeko inguruarekin lotura hobetuko da”.

Gizarte Zerbitzuetarako lokal berriei dagokienez, 597.100 euro bideratuko ditu Udalak. Euskaltzaleak plazako lokal berrietara lekualdatuko dituzte Gizarte Zerbitzuak eta horiek egokitu behar dituzte: “Lokal berri horretan, azken urteetan gehien hazi den udal zerbitzuetako baten dimentsionamendurako espazio egokiagoa izango dute”, diote.

Bizikleta Ardatz Tronkalaren hirugarren fasea martxan jartzeko 385.000 euroko partida onartu du Udalak: “Kukullagan eta San Antonion esku hartuko dugu. Kukullaga parkean hobekuntzak nabarmenak izango dira”, diote. Bestetik, Goikoa Jubilatuen Etxeko sukaldean ke-irteera hobetzeko 55.000 euro inbertitzea aurreikusi dute udal ordezkariek. Eta, azkenik, datozen hilabeteetan zentro soziokultural berria definitzeko prozesu parte-hartzailea hasiko dute, eta horretarako kanpoko enpresa bat kontratatuko du Udalak, “erakundeei, gizarte-eragileei eta, oro har, biztanleei prozesu horretan laguntzeko”.

Udaleko funts propioen kontura 1,5 milioi euroko aurrekontua aldatzea onartu zuen aho batez udalbatzak maiatzeko osoko bilkuran. Kopuru horri gehitu behar zaizkio Udalak Estatuak sortutako Aparteko Funtsetik jasotako 665.000 euro, autonomia eta lurraldeei dagokien banaketarekin. “Kopuru hori Bizkaiko Foru Aldundiak banatu du, biztanle kopurua kontuan hartuta”, diote udal ordezkariek. Gauzak horrela, 1,9 milioi euro ditu Etxebarriko Udalak herrian hobekuntzak egiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak