→Etxebarri

Milioi bat euro bideratuko du Etxebarriko Udalak 2020an inbertsioak egiteko

12.370.000 euroko aurrekontua izango du Etxebarriko Udalak 2020an, 2019an baino % 2,3 gehiago. Hirigintza arlorako 5,7 milioi euro bideratuko dituzte.

Santa Ana kalean igogailu bat jarri nahi du Etxebarriko Udalak 2020an // Argazkia: Etxebarriko Udala

12.370.000 euroko aurrekontua izango du Etxebarriko Udalak 2020an, 2019an baino % 2,3 gehiago. Ildo horretan, udal gobernu taldeak (LVP) aurrekontu proposamena aurkeztu du, abenduko osoko bilkuran eztabaidatzeko.

Aurrekontu proposamena zehaztuta, Hirigintza arlorako 5,7 milioi euro bideratuko dituzte, Arlo Soziokulturalerako 3,4 milioi euro, Gizarte Ongizatea eta Enplegua Sustatzeko 1,8 milioi euro eta Egiturazko gastuetarako 1,6 milioi euro. Arloka, honako proposamena zehaztu du udal gobernu taldeak.

Inbertsioei dagokienez, milioi bat euro inguru bideratuko ditu Udalak. Besteak beste, proiektu hauek aurreikusten ditu udal gobernu taldeak: Santa Ana kalean igogailu bat jartzea (215.000 euro); Nafarroa kaleko irisgarritasuna hobetzea (461.000 euro)Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra eguneratzea (100.000 euro); hilerri barruan komun bat instalatzea (25.000 euro); Galizia kaleko 1-3-5 atarien irisgarritasuna hobetzea (30.000 euro); oinezkoen pasabideetan argiztapena hobetzea (25.000 euro); haurrentzako jolasak egokitzea eta konpontzea (50.000 euro); Bekosolo eta San Antonio udal liburutegietan funts biografikoak eguneratzea (20.200 euro); Orientazio Fisikoko Zerbitzu berria martxan jartzea (12.000 euro); Merkataritza Birgaitzeko Plan Bereziaren (PERCO) jarduerarako, saltoki txikia aztertzeko eta udalerrian duen kokapena mantentzeko eta hobetzeko ekintzak (25.000 euro); edota Udaltzaingoarentzako ibilgailu hibridoak erostea (10.000 euro). Maiatzeko hauteskunde-programan aipatutako zenbait proiektu zehaztu zituen LVP udaltaldeak. Tartean, Santa Ana, Nafarroa eta Galizia kaleetako irisgarritasuna hobetzea. Aurreikusitako inbertsioak hemen kontsulta daitezke.

Diru-sarrereri dagokienez, gehienak trasferentzia arruntetik etorritakoak izango dira (8,3 milioi euro), zuzeneko diru-sarreren bidez 2,6 milioi euro jasoko ditu Udalak, eta tasengatik 1,3 milioi euro.

Herritarrek proposamen hau kontsulta dezakete udal webgunean eta modu berean, ekarpenak egin ditzakete abenduaren 13ra arte. Ekarpenak eta iradokizunak bidaltzeko bi aukera daude: Internet bidez edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan inprimaki hau entregatuz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak