→Etxebarri

Etxebarriko 117 autonomok 600 euroko laguntza jasoko dute

70.200 euro banatuko ditu Etxebarriko Udalak, autonomo bakoitzeko 600 euro. Datozen asteetan zaborraren eta terrazen tasak itzultzeko prozesua hasiko du Udalak.

70.200 euro banatuko ditu Etxebarriko Udalak, autonomo bakoitzeko 600 euro // Argazkia: Geuria

Etxebarriko autonomoentzako laguntzak ordaintzen hasi da Udala. Guztira 70.200 euro banatuko dituzte, autonomo bakoitzeko 600 euro. Hau da, 117 autonomok jasoko dute Udalaren diru-laguntza Covid19k eragindako osasun-krisia arintzeko asmoz. Udalaren arabera, egun hauetan hasiko dira laguntzak ordaintzen, “beti ere onuradunak Udalarekin zorrik ez badu”, diote.

Autonomoentzako laguntzarako programan 148 eskabide jaso zituen Etxebarriko Udalak, baina horietatik 31 ezetsi zituen, besteak beste, ‘Suspertu: dendak eta ostalaritza’ programan laguntzak jaso izanagatik, udalerrian erroldatuta ez egoteagatik edo nagusiki dendak ixtearen eraginpean ez egoteagatik.

66.000 euro merkataritzan eta ostalaritzan

Bestetik, herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko asmoarekin, ekainean eta uztailean jardueraren ixteak eragindako 66 ostalariri eta merkatariri diru-laguntza eman zien Udalak, eta guztira 66.000 euro banatu ditu.

Datozen asteetan hasiko du Udalak eragindako jardueren zaborraren eta terrazen tasak itzultzeko prozesua. Udalek neurri horiek eta beste batzuk jarri zituzten abian Covid-19ren osasun-krisiaren ondoriozko dekretu eta murrizketen eraginpeko jarduerak bultzatzeko eta mantentzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak