☉ Etxebarri
Lorena Velez: “Erabat gogortuta gaude horrenbeste albiste mingarri irakurrita eta irudi krudel ikusita”
Siriako errefuxiatuei laguntzea helburu duen ‘Etxebarri con Siria’ elkarteko presidentea da Lorena Vélez. Besteak beste, errefuxiatuei nola lagundu eta herritarron inplikazioa zenbatekoa den ditugu hizpide.

Siriako errefuxiatuei laguntzea helburu duen ‘Etxebarri con Siria’ elkarteko presidentea da Lorena Vélez. Besteak beste, errefuxiatuei nola lagundu eta herritarron inplikazioa zenbatekoa den ditugu hizpide
Borrokek eragindako iheslarien egoera dramatikoak bultzatuta eurei laguntza emateko elkartea sortu zuen Lorena Velezek (Bilbo, 1979) 2016an Etxebarriko beste bost lagunekin batera. Bilboko Santutxu auzoan hazi arren, 2008. urtetik etxebarriarra da Lorena, ogibidez ingeniaria. Hasieran bere harri-koskorra ekarri nahi izan zuen, baina, konturatu gabe, geldiezina den espiralean murgildu zen. Tragedien eta bidegabekerien aurrean gizarteak hartu ohi duen jarreraren inguruko hausnarketa egin digu eta dirua eta materiala biltzeko antolatzen dituzten ekintzen xehetasunak azaldu dizkigu. Eurek lortutakoa SOS Refugiados eta AAPS (Siriako Herriari Laguntzeko Elkartea) elkarteek bideratzen dute.
Noiz eta zergatik sortu zenuten ‘Etxebarri con Siria’?
2016. urtean Siriako gatazka protagonista nagusienetako bat izan zen hedabide orotan eta egoeraren berri jakiteak min egiten zidan, zerbait egin beharraren sentsazioa neukan. Urte horretan umeak eramateko motxilen bilketa egin zuen Donostiako ‘Pasaportes para Siria’ elkarteak eta nirea emateaz gain nire ingurukoei ere eskatu nien. Azkenean, Etxebarriko Harribide fundaziokoekin hitz egin ondoren, Udalarekin harremanetan jarri nintzen eta bilketa gunea jartzeko prest agertu zen. Egoera baliatuta, herritarrei deia luzatu genien eta ekimena arrakastatsua izan zen erabat. Motxilez gain, errefuxiatuentzat beharrezkoa zen gauza pila bat lortu genuen. Topera betetako 23 palet bidali genituen.
Partikular gisa lortu daitekeena ikusita eta ezagutu nituen lagunek animatuta irteteko ezinezkoa, edo behintzat oso zaila, den kiribil batean sartu nintzen.
Elkartea, dena den, iazko udan erregistratu genuen, diru-laguntzak eta jasotzeko ezinbestekoa baita. Herrian boluntario ugari dagoen arren, elkartean sei lagun baino ez gara.
Zein da helburua?
Elikagaiak edo premia-premiazkoak diren materialak bidaltzeko bilketak egiten ditugu eta dirua lortzeko ekintzak antolatu ere bai. Laguntza Sirian bertan dauden esparruetara eta Greziako iheslarienetara heltzen da.

Iaz mendi martxa antolatu zuten lehen aldiz Etxebarrin eta dirua biltzeko kanpaina egin zuten Etxebarri Con Siria elkartetik // Argazkia: Etxebarri Con Siria
Nola ikusten duzue Siriako gatazka?
Konplikatua da, gerra guztietan gertatzen den bezala interes gehienak ekonomikoak direlako eta konponbidea ez dagoelako herrialdean bertan daudenen esku, kanpoan baizik. Munduari ez zaio inporta Sirian bizi direnen edo herria behartuta utzi behar izan dutenen egoera. Ez naiz politikan batere aditua baina nire aburuz konponbidea urrun dago, oso urrun.
Nortzuk osatzen duzue ‘Etxebarri con Siria’?
Lehen aipatu bezala elkartea berria da oso eta bakoitzak bere kargua hartu du. Guztira sei gara: Silvia, Guillermo, Ali, Loli, Silvia eta ni neu.
Zeintzuk dira zuen burua ezagutzera emateko eta dirua biltzeko egiten dituzuen ekintzak edo jarduerak?
Jarduera handiak antolatzeko denbora eskasa dugu eta Etxebarri herri gaztea izanda familia ekintzak dira ondoen funtzionatzen dutenak. Nire senarra sukaldari ona denez, hilabetean behin, janaria prestatzeko tailerrak egiten ditugu, Harribidek utzitako gaztegune batean.
Iaz, bestalde, oso arrakastatsua izan zen Mendi Martxa antolatu genuen eta baita urte-amaierako kotilioia ere. Hortaz aparte, momentuan salgai ditugun produktuak saltzeko azoka-txikietan hartzen dugu parte.
Zer motatako bilketak egiten dituzue?
Orain arte bilketa ezberdinak egin ditugu: elikagaiena, pardelena, higiene eta behar-beharrezkoak diren produktuena, haur-kotxeena…SOS Errefuxiatuak elkartekoek guk baino hobeto dakite euren beharrak zeintzuk diren eta zer bildu esaten digutenean orduan hasten da gure lana. Gure zeregina kanpaina martxan jartzea da.
Aipatzekoa da arropa ematea errazena izan daitekeela baina biltzeko, zailena. Gutxi gara eta trasteleku bat eskuratu berri dugun arren, arropak leku handia behar du eta ondo sailkatzeko denbora asko behar da. Arropa emateko orduan askok irizpiderik ez dute eta baztertze lana ere gogorra izan ohi da. Errefuxiatuak behartsuak dira, bai, baina duintasunari eusten diote, ezin da edozer gauza dohaintzan eman.
Nora eta nola heltzen da laguntza?
Bi elkarte ezberdinekin egiten dugu lan. SOS Errefuxiatuakek Grezia du helburu eta AAPS (Siriako Herriari Laguntzeko Elkartea) Siriaraino sartzen da, bertan dauden kanpamentuetaraino. Seurrek doan egiten ditu estatu barruko bidalketak, baina Valentziako portuan dagoen edukiontzia zabalik mantentzea garestia da eta 3000 euro inguru balio du Greziara bidaltzen den edukiontzi bakoitzak. Greziara heltzen denean kamioietan sartu eta banaketa egiten da. Horregatik behar dute elkarte hauek dirua. Eurak dira txikiagoak garen elkarteon laguntza bideratzen dutenak.
Zer da errefuxiatu batek premiazkoa duena?
Logikoa denez, bizitokia, jatea, edatea eta abar, baina Europan beharrezkoa dutena errefuxiatu kondizioa eskuratzea da. Gehienek ez dute lortzen eta, beraz, legez kanpoko inmigranteak baino ez dira. Lege laguntza behar dute kondizio hori erdietsi ahal izateko. Atenasen ‘squad’ izeneko eraikinak okupatu dituzte eta hutsik dauden hainbat hotel utzi dizkiete bertan egoteko. Bestalde, anarkikoagoak diren beste hainbat lekutan ere badaude eta negargarriak diren kanpamentuetan ere bai.
Egoera kaskarrena, dena den, irletan dago (Lesbos, Quios…). Kanpin dendetan bizi dira eta bertan, adibidez, guretzat hain oinarrizkoa den beroa astintzea da lehentasuna.
Errefuxiatu batekin egoteko aukerarik izan al duzu?
Grezian dauden edo egon diren boluntarioekin bai, baina ez errefuxiatuekin. Nire semeak txikiak dira eta ez dut aukerarik ikusten. Agian aitzakia baino ez da, prest ez nagoen seinale. SOS Errefuxiatuaketik joatera animatzen gaituzte, eta egoera bertatik bertara ikustera, baina badakit ikaragarri sufrituko nukeela.
Kostata animatzen al da jendea halako proiektu batean parte hartzera?
Helburua etxean daukazun zerbait ematea bada erraz animatzen da, baina bestela ez. Alde batetik, gogortuta gaudelako erabat horrenbeste albiste mingarri irakurrita eta irudi krudel ikusita eta, bestalde, politikaren eragina oso handia delako, txarrerako noski. Etxebarrin, gainera, jarduerez gainezka gaude eta Udalak doan antolatzen ditu ia gehienak, horretara ohituta gaude.
Gakoa erakargarria edo ezberdina den jarduera bat eskaintzean datza, berdin dio solidarioa izatea edo ez. Ez gara herritarren edo boluntarioen jarrera kritikatzen ari, ezta pentsatu ere, kritika urrutirago doa. Gizartea bihozgabe bihurtzen ari da, guztiz itsu eta sor gaude. Zabalik ditugun fronteak gehiegi dira eta guztietara ezin garenez heldu ez dugu bakar batera iristeko ahaleginik egiten. Gure esperientzia oinarritzat hartuta argi dago, trukean ez baduzu ezer ematen jendea ez da joaten. Biziki interesgarriak izan diren sentsibilizazio-hitzaldiak eman ditugu eta arimarik ere ez da agertu.
Konta iezazkiguzu eskuartean dituzuen proiektuen nondik norakoak.
Udaberrira bitartean sukaldaritza tailerrekin jarraituko dugu eta maiatzean ‘Ehuneko bat’ jaialdia egingo denez salmahai bat jarri eta paella bat prestatzeko asmoa dugu, herrikoen eta herrira hurbiltzen direnean artean saltzeko. Udan geldialdi bat egon ohi da eta irailean gogotsu itzuliko gara Mendi Martxarekin; aurtengoa irailaren 29an izango da seguru asko. 2018koa ezin hobeto atera zitzaigun, giroa eta parte-hartzea bikainak izan ziren. Aurtengo helburua iazko arrakastari eustea izango da. Azkenik, urtea biribiltzeko, kotilioia, umeei zuzendutako ekintzaren bat eta nobedade izango den San Silvestrea.
Goiko lerroetan aipatutakoaz aparte, noski, SOS Errefuxiatuaketik eskatzen dizkiguten bilketa kanpainak martxan jartzeari ekingo diogu.
Afganistan, Irak, Siria, Grezian ez da gerrarik egon baina egoera benetan latzari egin behar izan diote aurre…
Bai eta azpimarratzekoa da gainera Grezia dela Europa mailan gerratik ihes egin duten lagun gehien hartu dituen herria. Kontrako mugimenduak ere badaude, baina gorriak ikusi ditu eta errefuxiatuak hartzen ari da.
☉ Etxebarri
Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du
Danel Marin etxebarritarra Monday Potionseko kide da. Taldeak urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du Bala eta Biznaga taldeekin batera

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du. Urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du taldeak Barakaldon, eta eszenatokia partekatuko du Bala, Biznaga Laztana Laztana taldeekin.
Festibala Barakaldoko Herriko plazan izango da, estalitako karpa batean, eta sarrera doakoa da.
Danel Marin etxebarritarra Monday Potions taldeko perkusionista da, eta urtarrilean elkarrizketa egin genion GEURIAn [hemen duzu irakurgai], joan den azaroan Basauriko Rockein lehiaketan Hego Uribeko taldetik onenaren saria lortu zutelako.
☉ Etxebarri
Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an
Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.
Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.
“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.
Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.
OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.
Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.
Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.
Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.
☉ Etxebarri
Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak
Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.
“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.
Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.
Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.
Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.
“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.
Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.
“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.
Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.
“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.
Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.
☉ Etxebarri
3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik
Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.
Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.
“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.
Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.
Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.
Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.
☉ Etxebarri
Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin
Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.
Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.
Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.
Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon.