→Etxebarri

Eleder Iglesias: “Publikoarekiko hurbiltasuna bilatzen dut, guztien arteko etxekotasuna”

Bost urte daramatza Elederrek txikitatik miresten zituen magia ikuskizunak egiten. Gaur egun, kazetaritza ikasten ari da eta noizean behin aurkezle lanak egiten ditu.

Eleder magoa izenpean, herri anitzetan antzeztu du etxebarritarrak // Geuria

Zainetan eraman du artea Eleder Iglesiasek (Etxebarri, 2001) txikitatik. Antzerkia eta dantza gustuko, magia izan da betidanik liluratu duena. Hasieratik trebatzen, apurka-apurka eta esfortzuarekin bere ikuskizun propioa izatea lortu zuen duela bost urte. Eleder magoa izenpean, herri anitzetan antzeztu du. Gaur egun pasio hori kazetaritza ikasketekin uztartzen du. Eroso eta konfiantzaz publiko aurrean, aurkezle lanetan aritu da behin baino gehiagotan, bere etorkizunera begira.

Noiz piztu zitzaizun magoa izateko gogoa?
Nire gurasoak beti izan dira mundu artistikoaren zale. Horrek eragin zuen txikitatik gustuko izatea mundu artistikoa. Nahiz eta gaztetan ez jakin etorkizunean zer nahi nuen, argi neukan mundu horretara lotuta egon nahi nuela.

Horren ondorioz txikitatik joaten nintzen antzerkiak ikustera, pailazoen ikuskizunetara. Baina magiaren kontua ezberdina izan zen. Nire herrira beti etortzen zen mago bat eta oso gustuko nuen berari laguntzea eta berarekin aritzea. Egun batean, hainbat ikuskizunen ostean, bururatu zitzaidan interneten bilatzea nola izan nintekeen mago. Hortik aurrera piztu zitzaidan grina, baina egia da txikitatik izandako ametsa dela.

Eleder Magoa deituriko ikuskizun propioa daukazu. Noiz erabaki zenuen hau sortzea?
Ez zen egun batetik bestera lortutako gauza izan. Izan ere, ez nuen nire burua ikuskizun propio batekin ikusten. Hasieran nire lagunei egiten nizkien magia trikimailuak, modu informalean. Eta apurka-apurka, joan nintzen tresna ezberdinak erosten eta horrekin batera esfortzu handiagoa egiten nire ikuskizun propioa lortu ahal izateko. Lehenengo ikuskizuna, Talka gazte-gunean egin nuen, era informalean. Nire lehen esperientzia izan zen nire lagunak ez ziren beste publiko batekin, 15-16 urterekin.

Eleder bere magia ikuskizunean // Utzitakoa

Ikuskizun horietan, publikoa oso gaztea izaten da. Baina Julian Iantziri ere egin diozu magia. Berdin zaizu publikoaren adina?
Askotan gerta daiteke, pailazoen ikuskizunetan edo antzerkietan batez ere, antzezlana nagusientzako edo umeentzako bideratu behar duzula. Baina magiak badu publikoaren dualitatea. Magia guztiontzat egina dago. Aukera dago nagusientzako edo txikientzako moldatzeko. Baina ni saiatzen naiz bi publikoei eskaintzen. Aldatzen den bakarra aurkezteko modua eta antzezteko modua da. Jokoak gehienetan berdinak dira guztientzat.

Zer da zure ikuskizunetatik gehien gustatzen zaizuna?
Gurasoekin zein txikiekin dudan giro ona. Magia ikuskizunetan eta aurkezle lanak egitean publikoarekiko hurbiltasuna bilatzen dut, guztien arteko etxekotasuna. Gurasoekin jokoak ere egiten ditut, parte hartzera animatzen baitira. Eta batez ere, umeekin elkarreragin hori izateak liluratzen nau, aurkezle moduan nire protagonismoa alde batera utzita. Hori guztia da, nire ustez, ikuskizunak erakargarriak egiten dituena.

Etorkizunean mago bezala ikusten duzu zure burua edo hobby bat besterik ez da?
Zaila ikusten dut etorkizunean mago izatea. Izan ere, beste motibazio batzuk ditut. Nahiz eta azken bi urteak izan lan gehien izan ditudan urteak, momentu honetan ez da nire lan printzipala, hobby moduan erabiltzen dut. Lan honetan nire 100% ematen dut, baina nire denboraren eta esfortzuaren 100% ez da magiarako. Artearen eta kazetaritzaren mundua da nirea.

Hain zuzen ere, kazetaritza ikasten ari zara. Zergatik?
Kazetaritza ikasten dut komunikazioarekin oso erlazionatua dagoelako. Era batean edo bestean, magiak ekarri nau honaino. Izan ere, mago izatea ez da bakarrik magia egitea. Magia transmititzea da, erakargarria egitea, hitz egiteko modua ere bai, edota gorputzarekin egiten den komunikazioa. Urte hauetan unibertsitatean ikasten ari naizenak nire ikuskizunetan eta nire egunerokoan ere laguntzen dit. 

Kazetaritzarekin lotuta, aurkezle lanak egin dituzu behin baino gehiagotan.
Ez da ohikoa izaten nire adinarekin, baina beti sentitu naiz eroso publikoaren aurrean hitz egiten. Asko gustatzen zait aurkeztea. Asko ikasten duzu. Nire lanik sanoena da. Ohikoak ditudan esparruetatik ateratzen laguntzen dit. Normalean magian, artean edo kazetaritzan nabil, baina aurkezle gisa, sekula landu ez ditudan gaiak azaldu behar izan ditut. Esaterako, uda honetan Elhuyarreko Zientzia Azokaren bideo lehiaketaren ekitaldia aurkeztu nuen, eta nik zientziaz ideia askorik ez daukat.

Nire ibilbidea arlo honetan, Etxebarriko inauteri batzuetan hasi zen. Udalak, magia egiten nuenez, proposatu zidan nire ikuskizuna egitea eta horrez gain, aurkeztea. Hortik aurrera, ez naiz asko ibili aurkezle gisa, baina gauzak egin izan ditut. Beraz, lan horretan ondo moldatzen naizenez, suposatzen dut horregatik heltzen zaizkidala hainbat ekitalditan aurkezle izateko proposamenak. 

Berrogeialdian Euskal Herriko pertsona famatu ezberdinekin izan zenuen solasaldia Instagramen bidez; zer suposatu zuen horrek zuretzat?
Momentu hartan ez nintzen kontziente izan. Berrogeialdiak asko irakatsi zidan. Bizitza ikusteko modua aldatu zidan. Pandemia etorri zen eta nire mundua geldituta ikusi nuen. Zetozen ikuskizun guztiak bertan behera geratu zitzaizkidan. Beraz, nire ikuspuntua aldatu eta aukera ezberdinak bilatzen hasi nintzen. Hor aurkitu nuen, Instagramen bidez, elkarrizketen programa txiki bat egiteko aukera. Aurretik ez nuen horrelakorik egin, eta lehenengoan Euskal Herriko sei pertsona famaturekin hitz egin ahal izatea izugarrizko poza izan zen niretzat. Mertxe Aizpuruarekin, Julian Iantzirekin edo Ainhoa Larrañagarekin hitz egitea niretzat esperientzia ahaztezina izan zen. Gainera, harrera oso ona izan nuen haiengandik eta beraiek ere oso gustura egon ziren.

Sare sozialekin jarraituz, iaz Bilboko Udalaren instagramerra izan zinen.
Bilboko Udalak, beste kide batekin batera, instagramer gisa kontratatu ninduen. Hori ere, esperientzia berria izan zen. Ez naiz inoiz izan kultura bozeramale. Aukera oso ona izan zen. Askotan, helduek gazteentzako ekintzak egiten dituztenean informazioa galtzen da, eta modu horretara, gure komunikazioaren bitartez, udaletxeak haientzat prestatutako ekintzetara gazte gehiago erakartzea lortu zuen.

Youtubeko kanal bat ere aurrera ateratzen saiatzen ari zara.
Kale-stop kanala izan da nire bizitzan izan dudan proiekturik zoragarriena, baina baita okerrena ere. Modu batean edo bestean egin behar dudan gauza bat da. Duela hiru urte nire buruan sortu zen proiektua da, baina aurten arte ez dut serioski hartu. Inork ez luke proiektu honen alde apustu egingo; gazteei kalean euskaraz eginiko galderetan oinarritzen da, eta gazteek gaur egun ez dute euskara erabiltzen. Ni barne. Kontsumitzen dugun ikus-entzunezkoen gehiengoa gaztelaniazkoa da, eta proiektu bat euskaraz osorik egitea, desabantaila izan daiteke. Tristea da baina horrela da.

Baina, gure hizkuntzan horrelako kanalik ez dagoenez, aukera paregabea ikusi genuen. Nahiz eta jarraitzaile askorik ez lortu, gutxienez publikoak euskaraz zerbait gehiago kontsumitzeko aukera izango du.

Zure proiektu, amets edo anbizioengatik kritikarik jaso duzu noizbait?
Hasieran, mundu artistikoan edo magia egiten hasi nintzenean, kritika asko jaso nuen. Nire lagunen partetik ere bai. Mundu artistikoan hasten garenok hasieran beti izaten gara isolatuak, gauza “arraro” horiek egiten ditugunak. Hamahiru urterekin hasi nintzen dantza artistikoa egiten, eta gainera mutila izanda, nire aukerak ez zuen oso harrera ona izan. Hala ere gaur egun, gauza hauek normaltasunez hartzen dira, eta artearen munduak gauza on hori dauka: ongi etorria ematen dio edonori.

Hasten zarenean batez ere, errazagoa da motibazioa galtzea. Baina nire buruan beti egon da ideia bera. Zerbait gogoz hartzen baduzu eta benetan konbentzituta bazaude eta zure proiektuan sinesten baduzu, ez etsi. Bestela okerragoa izango da zuretzat, zeure burua zapalduko duzu. Horrek asko irakatsi dit. Nire gauzak egitea, nahi dudanean, nahi dudan bezala, inor zapaldu gabe noski. Gustuko duzuna egitea da giltza. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak