→Etxebarri

‘Ellas’ proiektuaren amaierako aurkezpena egingo dute igandean Etxebarrin

'Ellas' Etxebarri proiektuko irudi batzuk // Utzitakoa

‘Ellas’ proiektua sustatu du Inurtxi emakumeen elkarteak Etxebarrin. Irailean hasiera eman zioten proiektuari Ainhoa Resano proiektuaren sortzailearen laguntzarekin eta abenduaren 19an, igandez, Ellas Etxebarri proiektuaren barruan egindako lana aurkeztuko dute udaletxeko plazan 13:00etan. Ainhoa Resanok berak, Naia Muñoz Muruak eta Sonia Franciscok aurkeztuko dute igandean proiektua.

Argazkigintza eta memoria uztartzen ditu Ellas proiektu parte-hartzaileak: “Ellas Etxebarri proiektutik herriko emakumeen bizitza historiak omendu eta balioetsi nahi izan ditugu. Proiektu honen bidez, Etxebarriko adineko emakumeen bizitza-historiak ezagutu eta ikusarazi nahi izan dira, haien familia-albumen, etxeko argazkien eta kontakizun propioen bidez, Etxebarrin bizi izan ziren eta bizi diren emakume anonimoen istorioak berreskuratuko duen Memorien Atlas-a eraikitzeko helburuarekin”, diote sustatzaileek. Herriko kaleetan formatu handiko argazkien erakusketa izango da igandean zehar.

Ainhoa Resano artistak 2017an sortu zuen proiektua eta Bilboko Goiko Auzoetan garatzen hasi zen. Oraingoan, Inurtxi elkarteak Etxebarrira ekarri du proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiaren finantziazioari esker. “Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten emakumeei, haien albuma erakutsi eta kontatu eta etxeko argazkiak partekatzeagatik, eta proiektua posible egin duten erakundeei. Espero dugu herritar guztiek udalerrian emakumeek duten paperaz hausnartzea, erakusketa beren kaleetako pertsianetan ikusten duten bitartean”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak