→Etxebarri

Indarkeria matxista kasuetarako jarduketa protokolo berria sinatu dute Etxebarrin

Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei arreta osoa, koordinatua, indibidualizatua eta kalitatezkoa emango zaiela bermatuko da protokoloarekin.

Koordinazio Teknikoko eta Koordinazio Estrategikoko mahaietako ordezkariak urtero bilduko dira protokolo honen jarraipena egiteko // Etxebarriko Udala

Emakumeen aurkako indarkeria matxista kasuetarako jarduera eta koordinazio protokolo berria egin du Etxebarriko Udaleko Berdintasun arloak, Etxebarriko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren (2017-2020) ildoei jarraituz. Protokolo hau emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeek ematen duten erantzuna antolatzea ahalbidetuko duen tresna izango da, horrela, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei arreta osoa, koordinatua, indibidualizatua eta kalitatezkoa emango zaiela bermatuko da.

Protokolo honen helburuak dira: indarkeriari aurre egiten dioten emakumeak detektatzen, prebenitzen, artatzen, babesten eta errekuperatzen diharduten erakundeen jarduera eta koordinazioa hobetzea; emakumeen aurkako indarkerian trebakuntza eta prestakuntza sendoa eta espezializatua bultzatzea eta bermatzea; emakumeek indarkeriaren ondorioz jasaten dituzten kalte guztien erreparazioa sustatzea; erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza bermatzea; eta protokoloaren helburuak lortzeko beharrezkoak diren kolabroazio eta koperazio tresna guztiak garatzea, besteak beste. Era berean, protokoloak erakundeen erantzun publikorako prozedura espezifikoa jasotzen du, “non emakumeen aurkako indarkeria matxista gizartean eta erakundeetan gaitzesteak duen garrantzia azpimarratzen den”, diote udal ordezkariek.

Protokolo hau sinatzen duten eragileak indarkeria-kasu baten aurrean zuzenean esku hartzen duten erakundeetako arduradunak izango dira. “Baina, era berean, ahaleginak batu nahi dira eragile sinatzaile gisa protokoloan parte hartzen ez duten arren, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen detekzio goiztiarrean, prebentzioan, sentsibilizazioan edo ahalduntzean funtsezko zeregina betetzen duten eragileekin”, diote. Koordinazio Teknikoko eta Koordinazio Estrategikoko mahaietako ordezkariak urtero bildu beharko dira protokolo honen jarraipena egiteko. 

Azaroaren 25eko ekitaldiekin bat etorriz, emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako jarduketa eta koordinazio protokolo berria sinatu dute eta ekitaldian Koordinazio Teknikoko eta Koordinazio Estrategikoko mahaietako ordezkari hauek hartu dute parte: Alfonso Martinez eta Jose Maria Lama (Ertzaintza), Paula Trueba (Osakidetza), Laura Casado (Gizarte Ongizateko alkateordea), Eider Txarterina (Berdintasuneko teknikari arduraduna), Nerea Lekanda (Genero Berdintasuneko teknikaria),  Javier Carracedo (Udaltzaingoko ofizialordea) eta Loren Oliva (Etxebarriko alkatea).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak