→Etxebarri

‘Rexcatering’ proiektu galdakoztarrak irabazi du Etxebarriko ETE eta Ideia Berritzaileen lehiaketa

Azaroaren 15ean Viladecansen ospatuko den ‘Innpulso Ekin: Berrikuntzako alkate eta ideia berritzaileen V. Bileran’ aurkeztuko du Etxebarriko Udalak ‘Rexcatering’ proiektua. Loren Oliva alkatearekin batera Residuo Cero Fundazioko Marta Suarez, Ainhoa Crespo, Juan Marcos de Miquel eta Álvaro Saiz joango dira.

Residuo Cero Fundazio galdakoztarrak aurkeztutako ideiak irabazi du lehiaketa // Argazkia: Etxebarriko Udala

Etxebarriko Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta Ideia Berritzaileen lehiaketak badu irabazlea: ‘Rexcatering’ proiektua. Residuo Cero Fundazio galdakoztarrak aurkeztutako ideia da hori eta epaimahaiak aho batez hautatu du proiektu irabazlea. Rexcatering, ingurumen eta gizarte kontzientzia duen ostalaritza-zerbitzu kolaboratiboa da, jantoki handiekin, udaletxeekin eta hezkuntza-zentroekin lankidetzan aritzen dena, soberakinak berreskuratzeko eta elikagaien kontsumoa eraginkorra izateko. “Jatorrizko ideia eta helburua janaria zabortzat hartu ezin den gizartea lortzea da. Eguneroko irtenbideak bilatzen ditu elikagaiak berrerabiltzeko eta etorkizunean arau-aldaketak lortzeko, herritar guztien sentsibilizazioa, parte hartzea eta aktibazioa landuz”, diote udal ordezkariek.

Zehazki, sukalde zentraletan eta jantoki kolektiboetan elikagai-soberakinak berreskuratzeko proiektu integrala da. “Ekimen aitzindari honek ‘zero elikagai’ xahutzea lortu nahi du, soberakinak besteen eskura jartzea Zero Zabor Hozkailuak ekimenaren bitartez, banaketa guneen eta elikagaiak banatzeko entitateen transferentzien bitartez”, diote. Bestalde, proiektu hau ikastetxeetako hezkuntza-planetan txertatuta dagoela adierazi dute udal ordezkariek, “gaiaren inguruko sentsibilizazio eta heziketa kanpaina bat sortuz”.

Residuo Cero Fundazioak, sari gisa, 1.500 euro jasoko ditu Rexcatering proiektuaren exekuzio-kostuak estaltzeko. “Ebaluazio-batzordearen erabakiak proiektuaren izaera berritzailea eta ingurumen-helburua islatzen ditu, bereziki Nazio Batuek proposatutako garapen jasangarriko helburuekin (GJH) batuta eta Europar Batasunak hondakinen arloan sustatutako ingurumen-proposamen eta estrategien esparruan”, diote udal ordezkariek.

Vending motako hozkailuak

Rexcatering proiektuaren helburua da elikagaiak ez xahutzea eta hondakin organikoa murriztea. Horretarako, zero kostuko vending motako hozkailuak kalean instalatzea da helburua, eskola-jantokietan, ospitaleetan, egoitzetan edota enpresa handietan soberan dauden elikagaiak biltzeko, eta horiek aprobetxatu nahi dituenaren eskura jartzeko.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen (GBGE) Hozkailu Solidarioa proiektua du aurrekari Rexcatering proiektuak, eta gaur egun Hernanin, Azpeitian, Plentzian edo Valentzian dago ezarrita. “Hozkailua publikoa eta doakoa da, eta elikagaiak ontzi konpostagarrietan biltegiratuta eta etiketatuta daude”, dio Residuo Cero Fundazioko kideek. Besteak beste, Ainhoa Crespo eta Álvaro Saiz Residuo Cero Fundazioko kideak dira. 2018an eratu zuten fundazioa.

Ordezkaritza Innpulso Sarean

Innpulso Sarea ekimenaren barruan, azaroaren 15ean Viladecansen (Bartzelona, Katalunia) ospatuko den ‘Innpulso Ekin: Berrikuntzako alkate eta ideia berritzaileen V. Bileran’ aurkeztuko du Etxebarriko Udalak ‘Rexcatering’ proiektua. Bilera horretan Innpulso Sarea (Zientzia eta Berrikuntzarako Hirien Sarea) osatzen duten udalerriak izango dira, eta bertan izango dira Loren Oliva Etxebarriko alkatea eta, berarekin batera, Residuo Cero Fundazioko Marta Suarez, Ainhoa Crespo, Juan Marcos de Miquel eta Álvaro Saiz Etxebarriko ETE eta Ideia Berritzaileen V. Lehiaketako irabazleak. ‘Innpulso Ekin: Berrikuntzako alkate eta ideia berritzaileen V. Bilera’ streaming bidez jarraitu ahal izango da Red Innpulso-ren YouTube kanalaren bitartez. Deialdi hori Europako Batzordeak sustatutako “100 Climate-Neutral Cities – by and for the Citizens” misioaren esparruan egingo da.

2011tik Innpulso Sareko kide da Etxebarri. Sare hori Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria bereizgarria duten udalerriek osatzen dute, eta bereizketa hori Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ematen die berrikuntzarekin ahalegin eta konpromiso handia erakutsi duten hiriei, bai eta tokiko eremutik produkzio-ereduaren aldaketari egiten dioten ekarpenari ere. Zentzu horretan, Etxebarri aspaldidanik aritu da lanean enpresa arloko eragileekin, bereziki Berrikuntza arloko ETEekin haien lehiakortasun maila hobetzeko asmoarekin. Etxebarriko ETE eta Ideia Berritzaileen lehiaketan irabazle izan dira: Hirix, Mugikon, Lekushare, Aldakelu inklusiboak, eta orain Rexcatering.

Gazteen ideiak, sarituak

Bestalde, aurten, nobedade bezala, Etxebarriko gazteei zuzendutako kategoria ezarri dute ETE eta Ideia Berritzaileen lehiaketan. Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du lehiaketa honen gazte-modalitatearekin lortutako helburuetako bat betetzeko aurkeztu diren gainerako ideien ekarpena aitortzearen garrantzia, hau da, Etxebarriko gazteak aktiboki bultzatzea, aisialdia eraikitzea eta udalerriko gizarte-bizitzan parte hartzea sustatzea.

Gauzak horrela, gazteen hiru ideia berritzaile saritu dituzte: Unai Zubillagaren ‘Erremintegia’ (500 euroko saria jaso du), Asier Corderoren ‘Impresión 3D Retos Sociales’ (300 euro) eta Eneko González, Irati Santos, Ander Urtiagaren ‘App Recomienda’ (200 euro). “ETE eta Ideia Berritzaileentzako V. Lehiaketa honetan parte hartu duten pertsona guztiek Behargintza zerbitzuaren laguntza jaso dezakete hainbat laguntza, prestakuntza eta aholkularitza programatara sartzeko. Helburua beraien ideiei balioa ematea da, negozio proiektu arrakastatsuak izan daitezen”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak