→Etxebarri

Gazteek sortutako ideia berritzaileak sarituko ditu Etxebarriko Udalak

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta Ideia Berritzaileen lehiaketa berrikuntzekin dator bere bosgarren edizioan.

Ideia berritzaile bat duten 15 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartzeko aukera dute // Argazkia: Cime Etxebarri

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta Ideia Berritzaileen lehiaketa abiarazi du beste urte batez Etxebarriko Udalak. Lehiaketa horren helburuak dira, besteak beste, tokiko administraziotik Berrikuntza sustatzea eta laguntzea; ETEei ikusgarritasuna ematea merkatu eta inbertitzaile potentzialetara sarbidea errazteko; ideia eta proiektu berritzaileei balioa ematea; eta talentu gaztea sustatzea.

Aurtengoa bosgarren edizioa da eta berritasun gisa, bi kategoria ezarri dituzte: alde batetik ETEei eta udalerriko profesionalei zuzendutakoa, eta bestetik, Etxebarriko 15 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. “Berrikuntza osagai nagusia duten ETE, MikroETE eta StartUp edo proiektuek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, baita ideia berritzaile bat duten 15 eta 20 urte bitarteko gazteek ere”, diote udal ordezkariek.

ETEei eta udalerriko profesionalei zuzendutako kategorian Etxebarriko Udalak, Innpulso Sareak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hautatutako proposamenak 1.500 euroko saria jaosko du proiektuaren exekuzio gastuei aurre egiteko. Eta bestetik, gazteen kategorian hiru sari banatuko dituzte: ideia berritzaile irabazleak 500 euro; lehenengo accesitak 300 euro; eta bigarren accesitak 200 euro.

Lehiaketan parte hartzeko epea gaur, maiatzak 24, zabaldu dute eta irailaren 24ra arte luzatuko dute. Hautagaitzak telematikoki soilik aurkeztu daitezke udal webgunearen bitartez. Informazio gehiagorako 944 496 871 telefono zenbakia (Cime) dago interesdunen eskura.

ZIENTZIA ETA BERRIKUNTZAREN HIRIA

2011tik Innpulso Sareko kide da Etxebarri beste 71 udalerrirekin batera. Sare hori Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria bereizgarria duten udalerriek osatzen dute, eta bereizketa hori Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ematen die berrikuntzarekin ahalegin eta konpromiso handia erakutsi duten hiriei, bai eta tokiko eremutik produkzio-ereduaren aldaketari egiten dioten ekarpenari ere.

Zentzu horretan, Etxebarri aspaldidanik aritu da lanean enpresa arloko eragileekin, bereziki Berrikuntza arloko ETEekin haien lehiakortasun maila hobetzeko asmoarekin. Etxebarriko ETE eta Ideia Berritzaileen lehiaketan irabazle izan dira: Hirix, Mugikon, Lekushare eta Aldakelu inklusiboak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak