→Etxebarri

Euskara ikasteagatik eta tokiko merkataritzan errotuluak euskaratzeagatik laguntzak emango ditu Etxebarriko Udalak

Besteak beste, euskaltegiko ikastaro presentzialak eta autoikaskuntza bidezkoak diruz lagunduko ditu Udalak // Geuria

Etxebarrin euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak. Alde batetik, 2019/2020 ikasturtean egindako euskara ikastaroak diruz lagunduko ditu, eta bestetik, tokiko merkataritzan errotuluak euskaratzeko eta Berria egunkariaren harpidetza diruz laguntzeko deialdiak argitaratu ditu Etxebarriko Udalak.

Ikastaroei dagokienez, euskaltegiko ikastaro presentzialak eta autoikaskuntza bidezkoak diruz lagunduko ditu, baita Barnetegiak, Egonaldiak eta Udako Euskal Unibertsitatean egindako ikastaroak ere. “Matrikularen % 50a berreskuratzeko aukera egongo da. Gainera, gurasoek edo monitoreek matrikularen % 100 berreskuratu dezakete”, diote Udaleko Euskara Zerbitzutik.

Etxebarrin erroldatutako herritar guztiek jaso dezakete laguntza hori. Etxebarriko Udalak 25.000 euroko partida onartu du eta eskaerak irailaren 1etik 30era bitartean egin ahal izango dira Arlo Soziokulturalean 08:00etatik 15:00etara.

Euskararen presentzia komertzioetan

Tokiko dendetan, tabernetan eta establezimenduetan euskararen presentzia areagotzeko Etxebarriko Udalak 2.000 euro bideratuko ditu. Errotuluak dendetan zein ibilgailuetan elebitan edo euskaraz jartzeagatik jaso ahal izango dute tokiko merkatariek diru laguntza. Euskara hutsean jarritako errotuluek % 50eko laguntza jaso ahal izango dute, eta elebitan jarritakoek % 30ekoa.

Bestetik, dendari eta ostalariek Berria egunkariaren harpidetza egiteagatik kostuaren bi herenak diruz laguntzeko aukera izango dute, eta argitalpen hori herritarren eskura egon beharko da beti.

Kasu bietan eskaerak egiteko epea zabalik dago urte osoan zehar. Interesdunek Arlo Soziokulturalean egin beharko dute eskaera 08:00etatik 15:00etara edo 944 267 007 telefonora deituta edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak