→Etxebarri

Gabonetako argiak piztuko dituzte abenduaren 4an Etxebarrin

Abenduaren 4tik aurrera piztuta egongo dira Gabonetako argiak Etxebarrin. Udalak eta Merkatari Elkarteak hainbat apaingarri jarri ditu.

Herritarrek apaintzeko hiru zuhaitz natural jarri dituzte herrian // Etxebarriko Udala

Abenduaren 4tik aurrera piztuta egongo dira Gabonetako argiak Etxebarrin. Udalaren jabetzakoak diren elementuak jarriko dituzte. Hala nola, sei zuhaitz natural led argi-zerrendekin jarriko dituzte, biribilguneetan eta erreferentziazko beste leku batzuetan argiak jarriko dituzte, 50 apaingarri faroletan (horietako 10 berriak dira) ipiniko dituzte, errepideko bost pasabide, eta udaletxeko fatxadan dagoen ezkutu munizipala argituko dute. Energia-gastua argiteria publikoaren kontratu orokorrean sartuta dagoenez, Udalak ez du gastu erantsirik izango.

Bestetik, hiru dekorazio-zuhaitz jarriko ditu Udalak Amezola kalean, San Antonio etorbidean eta Santa Marina kalean. Horretarako 4.500 euro bideratu dituzte. Era berean, Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkarteak ohiko zuhaitz argitsua jarriko du udaletxeko plazan.

Gabonetako Zuhaitzak apaintzen

Udaleko Arlo Soziokulturalak Gabonetako Zuhaitzen Dekorazio Parte-hartzailea izeneko ekimena jarri du martxan. Guztira hiru zuhaitz natural jarri dituzte: San Esteban hiribidean, Kiroldegi plazan eta Zintururi plazan. Lehenengo biak ekimen honetarako erosi ditu Udalak eta hirugarrena Javiren zuhaitza deritzona da. “Inguruko hainbat herritarren laguntzari esker, iaz hildako Javi Vazquezek martxan jarritako ohiturari eusten zaio”, diote udal ordezkariek. Hiru zuhaitz horiek herritarrek apainduko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak