→Etxebarri

Aingeruri laguntzeko 4.000 euro bildu dituzte Etxebarrin balkoi argitsuei esker

Zenbaketa ofizialaren arabera, 1.026 balkoi edo leiho dekoratu zenbatu ditu Udalak. Garun-paralisia duen lau urteko etxebarritarrari emango diote dirua.

1.026 balkoi edo leiho dekoratu zenbatu dituzte // Argazkia: Etxebarriko Udala

Etxebarriko leihoak eta balkoiak elkartasunez argitzeko ideia bultzatu du aurten Udalak Gizarte eta Kultura arloen bitartez. Hain zuzen ere, apaindutako leiho eta balkoi bakoitzeko 5 euro emango zituen Udalak proiektu solidario bati. Herritarrek bozkatuta, Aingeru lau urteko etxebarritarra laguntzeko emango du Udalak dirua dohaintzan. Guztira 4.000 euro. “Garun-paralisia du Aingeruk eta behar ugari ditu. Besteak beste, bizi-kalitatea hobetzeko aulkia behar du”, diote udal ordezkariek. 

Udalak 3.000 euroko muga zuen dohaintza egiteko, baina, “parte-hartzeak arrakasta izan duenez, dohaintza mila euroan handitu dugu”, diote Udaletik. “Zenbaketa ofiziala egin ondoren, abenduaren 20an -azken eguna- 1.026 balkoi edo leiho dekoratu zenbatu dira, bai argiekin, bai beste apaingarri batzuekin. Honek suposatzen du udalerriko etxebizitzen % 25. Arrakasta handia izan du parte-hartzeak, Udalaren eta ekimen honetan parte hartu duten pertsonen itxaropenak gainditu baitira. Horregatik, laguntza 4.000 eurora arte handitzea erabaki dugu”, diote udal ordezkariek.

“Eskerrik asko etxebarritar guztiei gure kaleak askoz ere espazio atseginagoak eta, batez ere, solidarioagoak bihurtu dituen ekimenaren harrera handiagatik. Gainera, garrantzitsua da Anne Garea eta Alba Gonzálezen inplikazioa eskertzea, arlo soziokulturalarekin batera bultzatu baitute proiektu hau”, diote Udaletik.

Bost elkartasun ekintza proposatu zituen Udalak: Etxebarri Siriarekin, Aspanovas, Ekalakala Niños/as Felices, Lurgaia eta Aingeruri laguntzeko proiektua. “Ia 1.000 pertsonek parte hartu duten bozketa-prozesua amaitu ondoren, ekimen irabazlea “Aingeru babestea” izan da, botoen % 60rekin”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak