→Etxebarri

Gorka García: “Historian zehar beti egon da atal aurrerakoi bat eta suntsitzaile bat”

Gorka García margolariak ibilbide esanguratsua eraikitzea lortu du Artearen munduan. 2020ko urrian Bartzelonako Parés aretoan erakutsi zuen bere lana

Gorka García / Geuria

[2020ko azaroan 26an paperean argitaratuko elkarrizketa] Gorka García Herrerak (Xerez, Kadiz, 1982) Ad Aeternum erakusketa izan du urrian zehar Parés aretoan (Bartzelona), estatu espainiarreko aretorik zaharrenean. Bertan, Dalí edo Picasso bezalako artistak egon ziren antzina. Gaztea izan arren, Etxebarrin hazitako margolariak hainbat erakusketa izan ditu urteetan zehar, artetik soilik bizitzeko aukera eman diotenak. Gaur egun den artista esanguratsua izateko, ikasketa ibilbide luzea du bere atzean Gorka Garcíak: EHUko Arte Ederren fakultatetik hasi eta Kordobako Antonio Gala Fundazioa bezalako ekimenetatik igaro da. Margolariaren estiloa oso bitxia da, ilustrazioa eta distopia nahasten baititu.

Parés aretoan erakusketa izan zenuen urrian zehar. Parés bezalako galeria batean erakusketa bat izateak poztasun handia eragiten du artista batengan. Bertan, Dalí eta Picasso egon ziren, beraz, erantzukizun handia izan zen niretzat; hala ere, esperientziaz gozatu nuen. Ni oso erromantikoa naiz horrelako gauzekin. Futbolarekin alderaketa egingo bagenu, lehenengo mailan jokatzea bezalakoa izango litzateke. Galerian artearen munduko jende asko ezagutzeko aukera izan nuen. Erakusketaren aurkezpena Katalunian tabernak ixten hasi ziren egunetan izan zen, hortaz, ez genekien zenbat jende etorriko zen. Hala ere, tokia bete genuen: 70 edo 75 pertsona egon ginen bertan. Bizi dugun egoerarekin sekulako arrakasta da ekitaldi kultural batera hainbeste jende gerturatzea.

Zer bilatzen zenuen Ad Aeternum erakusketarekin? Ad Aeternumen, lehenengo aldiz, pintura eta kontzeptuak nahastu ditut. Hau da, lehen aldiz sakondu dut ideia oso espezifiko batean: historian zehar, beti bizi izan dira batera atal aurrerakoi bat, gizarteak aurrera egin dezan proposatzen duena, eta atal suntsitzaile bat. Hau erakusteko, bi ideiak estetikoki adieraztea erabaki nuen, italiar errenazimenduaren eta distopiaren arteko nahastea eginez. Bi ideiak, aurrez aurre jarri, haien arteko elkarrizketa estetiko bat eratzeko asmoarekin. Gizartean dauden kontraesanak adieraztea izan da Ad Aeternumen helburua.

Nondik datorkizu inspirazioa? Niretzat oso garrantzitsua izan zen Antonio Gala Fundazioan izan nuen beka. Bertan, Kordoban eta gero Madrilen, artista desberdinekin egon nintzen bizitzen: idazleak, filosofoak, argazkilariak… Nik hasieran margolan oso sentimentalak egiten nituen, oso intuitiboak, baina esparru desberdineko hainbeste artistekin egunerokotasuna partekatzean, ardura berriak garatzen joan nintzen, eta hauek, gero, nire koadroetan txertatzen saiatu naiz. Koadroak egiterako orduan ideia asko hartzen ditut historiatik, politikatik eta filosofiatik. Adibidez, nire azken koadro batean Genevako Akordioak hartu ditut inspirazio bezala.

Duela urte batzuk egunkarietatik gudako argazkiak gordetzen hasi nintzen. Han ikus zitekeen estetika gustukoa nuela, nolabait. Baina, ez nekien zergatik eragiten zuen nigan hainbesterako erakarpena kaos horrek. Horrez gain, Madrilen nengoela, obretako kontainer handi horietan ateak topatzen nituenean lagun bati deitu eta estudiora eramaten nituen. Niri betidanik gustatu zait Antoni Tàpies, eta berak gauza asko egin ditu ateekin. Baina, egia da hasieran ez nuela ezer egiten ate horiekin, atentzioa deitzen zidatelako biltzen nituen. Urte askoz estudioan izan ditut, beraiekin ezer praktikorik egin gabe.

Utzitakoa

Inspiraziorako elementu hauek nola erabili dituzu margolanetan? Alde batetik, gudako argazkiak eta ateak nituen; bestetik, nik beti izan ditut gogoko italiar errenazimenduko artearen ezaugarriak. Honi gehitu behar zaizkio nik ditudan kezkak eta gizarteak dituen kontraesanak, esaterako. Bat-batean, batzuetan horrela etortzen baitira ideiak, dena elkartzeko posibilitatea ikusi nuen. Erretaulak oso interesgarriak iruditzen zaizkit artea plazaratzeko elementu bezala. Erretaulak, normalean, elizetan dauden elementuak dira; hortaz, nire estiloa eman ahal nien kontraesan horiek eratzeko. Ateak urrez margotu nituen eta barruan guda paisaia bat margotu, nire erretaula propioak eratuz, kontraesan nabariekin. Erretaula garaikideak eratu ditut. Beste noizbait ateak erabili ditut kriptikoak sortzeko. Adibidez, ateetan Rafaelen margolan batean nire irakurketa margotu eta hau zabaltzean guda paisaia bat aurkitzea.

Noiz hasi zinen margotzen? Nire ibilbidea margolaritzan nahiko berezia da, berandu hasi nintzen. Betidanik gustuko izan dut marraztea. Klasean futbol arropak marrazten nituen, baina ez neukan margolaritzan behar den sentsibilitate hori, ez nintzen sekula museo batera joan! Errebotez sartu nintzen Arte Ederretan, eta behin bertan, gainera, zaharberritze espezialitatea egin nuen, ez pintura. Hala ere, hautazko irakasgaiei esker hasi nintzen margolaritzarekin harreman bat eratzen. Liburutegitik margolarien inguruko liburuak hartzen eta museoetara joaten hasi nintzen. Arte Ederren azkenengo urtean beka bat eman zidaten Segoviara paisaiak margotzera joateko. Udan osoan egon nintzen bertan. Nire lehenengo aldia zen egunero margotuz. Beka honen amaieran erakusketa bat egiten da hirian. Jende nahikoa gerturatzen da, azkenean, margolari gazteen margolanak prezio onean lor daitezkeelako. Lehenengo egunean koadro guztiak saldu nituen, hori dela eta, bertako galeria bat nirekin jarri zen kontaktuan. Horrela hasi zen nire ibilbide profesionala margolaritzan.

Antonio Gala fundazioan izandako esperientzia ikaragarria izango zen zuretzat. Kordoban egin nuen egonaldia nire bizitzako esperientziarik garrantzitsuena izan da. Hamasei artista geunden Kordoba erdian dagoen hamaseigarren mendeko komentu batean bizitzen. Bertan Estatuko zein Latinoamerikako margolariak, dramaturgoak, poetak eta abar geunden. Dena eginda ematen ziguten. 2007-2008 ikasturtean egon nintzen han, eta gure eginkizun bakarra sortzea zen. Antonio Galaren ideia da elkarbizitza horretatik artistek ikastea. Nik nire sortze prozedura ezagutzen dut, baina, era horretan, beste artista batzuena ere ikas nezakeen. Asko ikasi nuen ikasturte hartan. Jende asko eta oso ezberdina ezagutu nuen. Pertsona ospetsuak zetozen komentura gu sortzen ikustera. Jainkoak bagina bezala hitz egiten zuten gurekin!

Sekulako aldaketa izan zen Etxebarritik Kordobara joatea. Azken batean, hemen, unibertsitatera joaten nintzen, lagunekin poteoan ibiltzen nintzen edo futbolean jolasten nuen; baina han dena ezberdina zen, kulturaren muinean nengoen. Urte magikoa izan zen, dudarik gabe. Honen ostean San Antoniora itzultzea zaila izan zen niretzat, beraz, han geunden hainbat ikasle Madrilera joan ginen batera elkarrekin bizitzera. Zazpi urte eman nituen Madrilen.

Utzitakoa

Gaur egun margolaritzatik bizi daiteke? Oso zaila da pinturatik bizi ahal izatea. Nik zortea izan dut horrekin. Pinturaren merkatu bat egon badago, baina, gertatzen dena da hara heltzea oso zaila dela. Oso artista gutxik lortzen dute. Gainera, behin iritsita zaila da goian mantentzea, 2008ko krisiaren ostean fundazioetako, bankuetako edo gobernuetako dirua desagertu egin baita. Horren aurretik, pinturarekin, behin merkatuaren barruan zeundela, oso erraza zen diru asko egitea, aberats pilo bat baitzeuden. Aberastasunaren eta artearen artean harreman estu bat dago; nik gatazkak izan ditut nire buruarekin hori dela medio. Ez dut gustuko gure gizartean egiten dugun erlazio hori, tristura ematen dit. Xixónen, esaterako, galeriek lan paregabea egin dute artea herrira gerturatzeko. Han familia askok beraien arte bilduma dute, txikia zein handia.

Kontsumo-masa gizarte batean bizi gara. Nik ezagutzen ditut familia batzuk ez dituztenak hiru mila euro baliatzen oporretara joateko, artelan bat erosteko baizik. Gainera, artelan hauek ez dira egun batetik bestera desagertzen, belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira. Bakoitzaren lehentasunak dira. Gaur egun, kultura aisialdi kontsumo bezala ulertzen dugu, eta hor arazo argi bat dago. Kultura aisialdiarekin harremanetan jartzeak, horrekin bakarrik, arazo bat ekar dezake. Jendearen baitan txertaturik dago kultura gizarte-maila altua duen pertsonei bideraturik dagoela.

Nire ustez, hasierako ideiak dira gaizki daudenak. Kontsumo-masa gizarte batean bizi gara. Hamazortzi urte ditugunean denok nahi dugu karneta atera eta kotxea erosi, eta kotxea ona bada, hobe. Mugikor berri bat kaleratzen denean denok goaz horren atzetik. Nire inguruan gertatzen da: lagunen batek bizikleta erosi behar du, eta bost mila euro ordaintzen ditu, bizitza osoan zehar ehun euroko batekin ibili izan garen arren. Nik ikusten dudan arazoa da, hau ordaintzeko gai garen arren, artea luxuzko elementu bat bezala hartzen dugula gizartean. Beraz, ez diote beraien buruei planteatzen arte-pieza bat erostea.

Xixónen dagoen artearekiko sentikortasuna Hego Uribera ekarri daiteke? Ez dut uste. Asturiasen galeriek egindako lana itzela da. Ni nirea egiten saiatzen naiz, eta nire esparruan, txikia izan arren, eragiten. Pozik nago beti nire buruarekin fidela izan naizelako, galerietatik aldaketak ezartzeko eskatu didaten arren, ez dut inoiz nire estiloa aldatu. Hemen, artea erosten duena dirua daukana da, eta askotan badaukala erakusteko erosten du. Pena bat da, azken finean, gaur egun artearen munduarekin harremana oso azalekoa baita. Artea margolariek munduarekin harremanetan egoteko era da, gure kezkak azaleratzeko era. Hortaz, arinkeria horrekin apurtu behar da. Egia da, dirua irabazi behar dela, baina hori ondorio bat izan beharko litzateke, ez artea sortzeko arrazoia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak