→Etxebarri

Etxebarriren garapenari buruzko lau hausnarketa-saio antolatu dituzte abenduan eta urtarrilean

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzen ari da Etxebarriko Udala eta prozesu horretan herritarren parte-hartzea sustatuko dute.

ETXEBARRIKO EGUNGO ERREALITATERA EGOKITUKO DUTE HAPOA // ARGAZKIA: ETXEBARRIKO UDALA

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzen ari da Etxebarriko Udala eta prozesu horretan herritarren parte-hartzea sustatuko dute. Besteak beste, informazio- eta prestakuntza-saio bi antolatuko dituzte azaroaren 30ean Kultur Etxean (19:00etatik 20:30era) eta abenduaren 2an udaletxeko osoko bilkuren aretoan (19:00etatik 20:30era). Egungo egoera dela eta, edukiera mugatua izango da, hortaz, saio horietan parte hartu nahi dutenek 944 267 015 telefono zenbakira deitu edo otm@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute. Behar duten pertsonentzat haurtzaindegi-zerbitzu bat jarriko dute, “plaza erreserbatzen den unean eskatuta”, diote udal ordezkariek.

Beste alde batetik, Etxebarriren garapenaren hainbat alderdiri buruzko lau hausnarketa-tailer antolatuko dituzte abenduan eta urtarrilean zehar. Hausnarketa-tailer horiek dira: genero-ikuspegiari, inklusioari eta hiriari buruzko tailerra (abenduaren 14an); mugikortasunari eta ingurumenari buruzko tailerra (abenduaren 16an); ondareari, jarduera ekonomikoari eta ekipamenduei buruzkoa (urtarrilaren 11n); eta etxebizitza eta espazio publikoari buruzkoa (urtarrilaren 13an). Tailerrak herritar guztiarentzat zabalik daude eta 19:00etan izango dira. Oraindik zehaztu barik daude zein tokitan egingo diren saio horiek; “udal webgunearen eta sare sozialen bidez jakinaraziko dugu zein tokitan izango diren”, diote.

HAPOaren parte-hartze prozesua garatzeko kontratua Ajuriaguerra 3 arkitektoen bulegoari esleitu diote, eta hark, diziplina anitzeko talde batekin batera, Plan Orokorraren faseak egingo ditu. “Elkarrekin egingo den Plan Orokorraren ingurumen-ebaluazioa Ingubide aholkularitzari esleitu zaio. Prozesu teknikoari lotuta eta aldi berean, herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, beren iritzia emanez”, diote udal ordezkariek. Herritarren parte-hartzearen artikulazioa Udalak onartutako Plan Orokorreko Partaidetza Planean jasotzen da. “Udal webgunearen bitartez, herritarrak etengabe informatu ahal izango dira; horretarako, gune bat prestatuko da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren informazio guztia jasoko duena”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak