→Etxebarri

Udal igerileku berria eraikitzen hasiko dira aurten Etxebarrin, 2023ko udan erabiltzeko

Igerileku berria eraikiko duten eremua // Etxebarriko Udala

Igerileku berri bat eraikiko dute Etxebarriko kiroldegian. 2022ko aurrekontuan diru-partida bat onartu dute, eta udal arduradunek urtarrilean adierazi dutenez, Udalak hasi du kanpoko igerileku bat eraikitzeko obrak kontratatzeko prozesua. Enpresek parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 7ra arte. “Igerileku berria eraikitzeko obrak aurten hasiko dira eta enpresa esleipendunak zazpi hilabeteko epea du lanak bukatzeko. 2023ko udako denboraldirako prest egongo da igerileku berria”, diote udal ordezkariek.

Igerileku berria haurren plater-igerilekuaren ondoan kokatuko dute, eta 25×10 metrokoa izango da (250 m2). Hondartza perimetrala izango du eta bi sarrera. Gehienez 1,80 metroko sakonera izango du eta gutxieneko 1,10 metrokoa.

Igerileku berriaz gain, ondoan eta lurpean instalazio-gela berri bat eraikitzea aurreikusten du proiektuak, “sistemaren funtzionamendu onaren erregistroa eta kontrola errazteko”, diote. “Gainera, eguzkia hartzeko eremuaren espazio-galera konpentsatzeko, eguzki-eremu gisa udal-igerilekuetara sartzeko erabiltzen zen plazatxoa gehituko dugu, 220 m2 ingurukoa”, diote.

Obra hauen aurrekontua 713.000 eurokoa da, eta Udalak 234.000 euroko diru-laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. “Igerileku berri bat eraikitzea izan zen boto gehien jaso zuen proiektua 2019ko udal-hauteskundeen aurretik gobernu talde honek egindako parte-hartze prozesuan, eta legegintzaldi honetarako planean jaso dugu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak