→Etxebarri

Agurtzane Durán: “Belaunaldi desberdinetako herritarrak gaude Ikaskuntzan eta horrek egiten du berezi”

Datorren urtean 40 urte beteko ditu Ikaskuntza akademiak Etxebarrin. Josteko eta brodatzeko akademia da eta herriko gazteak zein nagusiak biltzen ditu. Urtean zehar ikastaroak antolatzen dituzte eta martxoan, Emakumeen Astearen barruan, desfilea antolatu ohi dute. Iaz, Covid-19 pandemiagatik ezin izan zuten antolatu, baina aurten gogo eta ilusio handiz prestatu dute desfilea. Agurtzane Durán Solís Ikaskuntzako kidea da, eta berarekin solasean izan gara.

Aurten desfilea antolatu ahal izan duzue berriro, iaz bertan behera utzi behar izan ondoren.
Bai. Covid-19a dela-eta ezin izan genuen iaz desfilea egin, eta aurten, osasun egoerak hobera egin duenez, aukera aprobetxatu dugu eta desfilea antolatu dugu Kultur Etxean, Emakumeen Astearen barruan. Beti antolatzen dugu desfilea martxoan, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Gogoz hartu dugu aurten desfilea. Ilusio handiz prestatu genuen eta dena espero bezala irten zen.

Zer ikusi zen desfilean?
Aurtengo desfilean denetarik aurkeztu dugu: soinekoak, alkandorak, berokiak, jantzi osoak… Gure akademian urtean zehar egiten ditugun arropak erakusteko aukera bikaina da egia esan.

Argazkiak | Jantzi eta modelo ikusgarriak Ikaskuntzak antolatutako desfilean, Etxebarrin

Aurten Agustina zuen irakasleak erretiroa hartu du.
Bai. Martxoaren bukaeran Agustina gure joskintza irakasleak erretiroa hartu zuen, eta martxoko desfilean agur xume bat egin genion. Apirilean bazkari bat egingo dugu elkarrekin akademiako ikasleok eta irakasleek, eta bertan agur bereziago bat egingo diogu.

Duela ia 40 urte sortu zen Ikaskuntza Etxebarrin. Ez da marka makala, gero!
Ikaskuntza duela urte asko sortu zen, bai. 1983an izan zuen sorrera, hain zuzen. Urte asko daramagu herrian. Etxekoandreak eta gazteak biltzeko helburuz hasi ginen elkartzen, eta horrela 39 urte eman ditugu. Ea datorren ikasturtean jende gehiago animatzen den. Aurten 60 ikasle izan ditugu; ez da marka makala, baina Ikaskuntza indartu nahi dugu askoz urte gehiago iraun dezan.

Gazteak eta nagusiak zaudete Ikaskuntzan, ezta?
Emakume asko gaude Ikaskuntzan, gazteak zein helduak. Eta horrek egiten du berezi elkartea, belaunaldi desberdinetako herritarrak baikaude akademian. Joskintzak elkartu egiten gaitu, baina josteaz eta brodatzeaz gain, elkartu eta elkarrekin hitz egiten dugu. Ondo pasatzea da gure asmo nagusia eta gure esperientziak partekatzea.

Zenbatero joaten zarete akademiara?
Astero lau egunez dugu zabalik akademia, astelehenetik ostegunera. Josteko lau ikastaro eskaintzen ditugu ordutegi desberdinetan, eta brodatzeko bi ikastaro daude.
Herrian bestelako elkarteekin harreman zuzena daukazue? Bai. Jai Batzordeetan ere parte hartzen dugu. Beti prest gaude herriko beste elkarteekin elkarlanean aritzeko, eta eskatzen digutenean beti saiatzen gara egoten.

Pandemiak zuen jardunean eraginik izango zuen.
Pandemiak gure jardunean eragin zuen, bai. Baina modu positiboan. Maskarak egiten egon ginen 2020ko lehenengo itxialdian. Maskara solidarioak, alegia. Udalarekin batera hasi genuen lan bat izan zen, eta oso lan eraginkorra eta berezia izan zen. 80 pertsona inguru geunden lanean proiektu horretan: jostunak, banatzaileak… Lan oso gogorra izan zen, baina aldi berean zoragarria. Lan ona egin genuen sentsazioa daukat, herritarrek asko eskertu zutelako, eta horrek bete egiten zaitu pertsona bezala.

Emakumeez gain, gizonek ere izena eman dezakete Ikaskuntzan?
Ikaskuntzako ateak zabalik daude herritar ororentzat. Nik herritarrak animatuko nituzke parte hartzera. Izan gazteak, helduak, nagusiak… eta noski, gizonak ere Ikaskuntzako parte izan daitezke! Batez ere emakumeak elkartzen gara, baina gizonek ere ateak zabalik dituztela gogorarazi nahi dugu. Eurek ere josi eta brodatu dezaketelako!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak