→Etxebarri

Mozorro lehiaketa, erakusketa eta haurrentzako ikuskizuna izango dira Etxebarriko Inauterietan

Egoera berrira egokitutako Inauteriak antolatu ditu aurten Etxebarriko Udalak. Otsailaren 19tik 21era bitartean hiru ekintza izango dira.

Iazko Inauterien desfilea Basaurin // Geuria

Egoera berrira egokitutako Inauteriak antolatu ditu aurten Etxebarriko Udalak. Otsailaren 19tik 21era bitartean hiru ekintza izango dira herrian: mozorro lehiaketa, Inauterietako jantzien erakusketa eta haurrentzako ikuskizuna.

Mozorro lehiaketari dagokionez, online izango da aurten.Inauterietako urteroko lehiaketa normaltasunez egitea ezinezkoa denez, aurten segurtasun arauetara egokitzea eta formatu birtualean egitea erabaki da”, diote udal ordezkariek. Gauzak horrela, otsailaren 19an eta 20an izena emateko epea zabalik egongo da (esteka honetan eman behar da izena) eta partaideek gehienez minutu bateko bideo bat bidali beharko dute WeTransfer bidez edo Instagram bidez (@etxebarribizi udalaren profila aipatuz). Lehiaketak bi kategoria izango ditu: banakakoa (bi pertsona gehienez) eta taldekakoa (bi pertsona baino gehiago), eta kategoria bakoitzean sariak banatuko dituzte: banakako kategorian irabazleak 230 euro jasoko ditu eta bigarren sailkatuak 100 euro; eta taldekakoan irabazlearentzako 300 euro eta bigarrenarentzako 230 euro banatuko dituzte. Gainera, garaikurra ere jasoko dute irabazleek. Irabazleen izenak otsailaren 25ean emango dituzte jakitera.

Inauterietako jantzien erakusketa Etxebarriko frontoian egongo da ikusgai otsailaren 19tik 21era bitartean (ostiralean eta larunbatean 17:00etatik 20:00etara eta igandean 13:30etik 14:30era eta 17:00etatik 19:00etara). “Gaztedi Dantza Taldeak utzitako inauterietako hainbat jantzi, Zuberoako inauterietako argazki bana eta etxebarritarrak izango dira ikusgai erakusketan”, diote udal ordezkariek.

Eta azkenik, otsailaren 21ean 11:30ean haurrentzako ikuskizuna izango da frontoian: Inauterio Jones. Ikuskizuna doakoa izango da, baina sarrerak erreserbatu beharko dira edukiera mugatua izango delako. Sarrerak otsailaren 17an 09:00etan jarriko dituzte eskuragarri esteka honetan. Eskatzaile bakoitzak bost sarrera eskatu ahal izango ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak