→Etxebarri

Loren Oliva Etxebarriko alkatea da Innpulso Sareko kontseilaria, udalerri txikien ordezkari gisa

Innpulso Sareko Kontseilu Errektorea berritu zuten pasa den astean, eta besteak beste, Etxebarri 20.000 biztanletik beherako udalerrien ordezkari da.

Loren Oliva Etxebarriko alkatea, Juan Carlos Abascal Ermuko alkatearekin batera // Etxebarriko Udala

Innpulso Sareko kide da Etxebarri 2011. urtetik. Sare hori Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak emandako ‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ izendapena duten 62 udalerriek osatzen dute, eta ekainaren 23an Kontseilu Errektorea berritzeko osoko bilkura egin zuten.

Kontseilu Errektorea sarearen organo exekutiboa da, eta sarearen administrazioa, zuzendaritza eta ordezkaritza ditu. 100.000 biztanle baino gehiagoko hiru hirik, 20.000 eta 100.000 biztanle artean dituzten beste hiru hirik, eta 20.000 biztanle baino gutxiagoko beste hiru hirik osatzen dute Kontseilu Errektorea. Horien artean Etxebarri dago, eta hortaz, Loren Oliva alkatea Innpulso Sareko kontseilaria izango da, 20.000 biztanletik beherako udalerrien ordezkari gisa.

Bartzelona, Valladolid, Castelló de la Plana (handiak), Aranda de Duero -Burgos-, Alcoi -Alacant- eta Sant Boi de Llobregat -Bartzelona- (ertainak), eta Ejea de los Caballeros -Zaragoza- eta Salinas -Alacant- (txikiak) dira Kontseilu Errektorea osatzen duten beste hiriak.

Etxebarri, Zientziaren Hiria

‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria 2010ean Ministro-aginduaren bidez sortu zen beren lurraldeetan berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egin duten Udalak aintzatesteko helbururekin. Horrela, toki-erakundeek beren garapen ekonomiko, zientifiko, teknologiko eta soziala sustatzen eta ezagutzen duten zeregin garrantzitsua aitortzen da.

Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak bigarren aldiz berritu dio Etxebarriri “Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria” izendapena. “Etxebarriko Udala berrikuntzaren, iraunkortasunaren, parte-hartzearen eta eraginkortasunaren arloan egiten ari den lana bide onetik doala berresten du sariak. Etxebarriko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako lana eta gakoak”, diote udal ordezakariek. Beste hiru urtez eutsiko dio Etxebarriko Udalak aitorpen horri. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak