→Etxebarri

Bizikleten aparkaleku bat jartzea eskatu diote Etxebarriko Institutuko ikasleek Udalari

Kontsumo arduratsuaren aldeko zazpi konpromiso hartu dituzte Etxebarriko Institutuko ikasleek. Gainera, Udalari bost eskazizun egin dizkiote.

Etxebarriko Eskola Agendaren foroa egin zuten ekainaren 1ean // Etxebarriko Udala

2020-2022 ikasturteko Eskolako Agenda 2030 programari amaiera eman diote Etxebarriko Institutuan. Programak Garapen Jasangarriko Helburuak ditu hizpide eta aurtengo ikasturtean ekoizpen eta kontsumo arduratsuak landu dute. Ikasleek eta ikastetxeak ekonomia zirkularrari eta kontsumo arduratsuari mesede egiteko zazpi konpromiso hartu dituzte: zaborra sailkatzea eta lurrera ez botatzea; plastikozko poltsak murriztea; birziklatzea eta ingurukoei nola birziklatzen den azaltzea; ontzirik gabeko produktuak erostea; garraio publikoa erabiltzea; gauza berriak erosteko beharra baloratzea; eta dagoeneko erabiltzen ez dena ematea.

Era berean, honako eskaizun hauek egin dizkiote Etxebarriko Udalari: dendetan paperezko poltsen erabilera sustatzeko kanpaina bat egitea; merkatuaren maiztasuna areagotzea; hozkailu solidario bat jartzea; bizikleten aparkaleku bat jartzea; eta ibaiak eta presak gehiago garbitzea. Ildo horretan, erronka hartu dute udal ordezkariek eta ikasleek: institutua arduratuko dela udalerrian hozkailu solidarioaren proiektua zuzentzeaz. 

Ekainaren 1ean Etxebarriko Eskola Agendaren foroa egin zuten udaletxean, eta ekitalde horretan parte hartu zuten Loren Oliva alkateak, Miguel Ángel Herrero alkateordeak eta hamar ikaslek osatutako ordezkaritza-talde batek, Etxebarriko BHIn programa koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurugela-CEIDAko ordezkari batek ere. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso du, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako dirulaguntzen aginduaren bidez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak