→Etxebarri

eTwinning sari europarra jaso du Etxebarriko Institutuak ‘sÜRreÂLíST’ proiektuarekin

Bestetik, Etxebarriko Institutua eTwinning School izango dela 2021 eta 2022 urteetan jakinarazi dute.

Argazkia: Etxebarriko Institutua

Etxebarri Institutuko Kultura Zientifikoko 2019-2020 ikasturteko ikasleek eta irakasleak eTwinning sari europarra irabazi dute, ‘sÜRreÂLíST’ proiektuagatik. Gaztelaniazko hizkuntzan, proiektu hori beste sei ikastetxerekin elkarlanean burutu zuten: Lyceé de Grombalia (Grombalia, Tunisia), Oleksandriya School (Oleksandriya, Ukrainia), Miguel de Cervantes (Sofia, Bulgaria), Julio Caro Baroja (Iruñea, Nafarroa), Melchor de Macanaz (Hellin, Albacete) eta Leopoldo Queipo (Melilla). Saria otsailean jaso zuten, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak babestua.

“sÜRreÂLíST proiektuan Surrealismoaren korronte kulturala landu dugu, hainbat diziplinatatik: Historia (surrealismoaren denboraren lerroa), Hizkuntza eta Literatura (poema dadaistak), Biologia eta Ingurumen Zientziak (Klima Aldaketaren aldeko Zoo surrealista, espezie berrien izen zientifikoarekin), Plastika (obra piktoriko surrealistak eta Museoa), Matematika (Dalíren lanen azterketa urrezko proportzioari buruz), Heziketa Fisikoa (dantza surrealista) eta Musika (ikasleek sorutako musika surrealista). Jarduera horiek guztiak nazioarteko talde mistoetan egin dira, parte hartzen duten ikastetxe guztietako kideekin. Elkarrekintzan ere egin dira, hala nola, ikasleen, zentroaren, hirien aurkezpena eta proiektuaren logoa aukeratzea”, dio Amaya Alonso Cabria Etxebarriko Institutuko irakasleak: “Sari hau nazioarteko talde mistoetan egindako diziplinarteko lanaren kalitateagatik eman da, eta, gainera, asko baloratu da pandemiaren inguruabarrak gorabehera gauzatu izana, ikasleen eta irakasleen partaidetza- eta inplikazio-maila handiarekin”. 

eTwinning Erasmus+ programaren atala da, Europar Batasunak hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako duen programaren barruan. Helburua da eTwinning-en parte hartzen duten herrietako irakasle-ikasleen arteko ideia trukea eta lankidetza sustatzea eta harremanak erraztea IKTen bidez.

eTwinning School 2021-2022

Etxebarriko Institutua eTwinning School izango da 2021 eta 2022 urteetan. “Aitorpen horrek Institutua Europan hezkuntza-jardunbide egokien zentro gisa kokatzen du, non ikasleak aldaketa-eragileak diren eta proiektu eta jarduera berritzaileak, sortzaileak eta inklusiboak egiten diren. Era berean, eTwinning praktika-eredua gara, eta konpromiso handia dugu diziplina anitzeko eta lankidetzako talde-lanarekin”, dio Alonsok. Martxoaren 22an argitaratu zuten eTwinning zentroen zerrenda.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak