→Etxebarri

Bederatzi milioi euro bideratuko dituzte Etxebarrin Irisgarritasun Plan berrian

Aho batez onartu zuen atzo Etxebarriko udalbatzak Irisgarritasun Plan berria. Besteak beste, hiri-igogailuak edota aldaleku inklusiboak jartzea zehazten du planak.

hiru hiri-igogailu jartzea aurreikusten du plan berriak // Argazkia: Etxebarriko Udala

Irisgarritasun Plana berrituko du Etxebarriko Udalak. Geotech Gestión Espacial SL enpresak egin du planaren zirriborroa, eta besteak beste, kaleak, plazak, parkeak, hezkuntza-ekipamenduak, garraio-elementuak, geltokiak, aparkalekuak edota seinaleztapen eta komunikazio publikoko sistemak biltzen ditu plan berriaren zirriborroak.

Aho batez onartu zuen atzo Etxebarriko udalbatzak Irisgarritasun Plan berria eta hartara bideratutako aurrekontua 9 milioi euroakoa da. “Anbizio handiko plana da, eta ibilbide-orria ezartzen du gune guztiak egokitzeko eta inbertsioak egiteko, irisgarritasun unibertsala kontuan hartuta”, diote Udaletik.

Oraindik Udalak ez du zehaztu zein proiektu egingo dituen aurrekontu horrekin, baina kostu ekonomiko handiena eragingo duten inbertsioen artean, hiru hiri-igogailu jartzea dago. Zehazki, Galizia eta Nafarroa kaleak lotuko dituena, Santa Ana kalean kokatuko dena eta Lezama Legizamon kalekoa. Gainera, San Antonio etorbideko 1etik 13ra bitarteko atariak berrurbanizatzea, Galizia kaleko errotondaren inguruko establezimendu eta garajeetarako sarbidea Andaluzia kalearekin birmoldatzea eta Galizia kaleko arkupean dagoeneko egindako pasabidea zehaztuta daude plan berrian.

Aldaleku inlusiboak

Aldaleku inklusiboen proiektua ere Irisgarritasun Planean zehaztuko dutela adierazi dute Etxebarriko Udaletik. Dibertsitate funtzionala edo laguntza-premia handiak dituzten pertsonei zuzenduta dagoen komuna da, eta pertsonak altxatzeko garabia edota aldatzeko esku-ohea ditu.

Etxebarriko Ideia Berritzaileen Lehiaketa irabazi zuen iaz proiektu honek. Txokobide erakundeak aurkeztu zuen, eta eurek, Etxebarriko bizilagunekin eta Fekoor, Bordillo Aplastao edo Goikoa Jubilatuen Elkartearekin batera, proiektua bera aurkeztu zuten Irisgarritasun Plan berrian txertatzeko.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektuak irabazi du Etxebarriko ideia berritzaileen lehiaketa

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak