Sareak

☉ Etxebarri

Irisgarritasun Planaren proposamena aurkeztuko dute gaur Etxebarrin saio ireki batean

Irisgarritasun Plana berrituko du Etxebarriko Udalak. Gaur, uztailak 21, planaren zirriborroa aurkeztuko dute udaletxean eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte.

|

Herritarrek ekarpanak egin ahal izango dituzte // Argazkia: Etxebarriko Udala

Irisgarritasun Plana berrituko du Etxebarriko Udalak. Geotech Gestión Espacial SL enpresak egin du planaren zirriborroa eta gaur, uztailak 21, aurkeztuko dute udaletxean. Aurkezpena irekia izango da eta herritarrak bertaratu daitezke proposamena ezagutzera eta ekarpenak egitera. Saioa udaletxeko areto nagusian izango da 19:00etan. Lekua mugatua izango denez, parte hartu nahi duenak izena eman behar du aurretiaz 944 267 000 telefono zenbakira deituta edo sac@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.

Zirriborroak bide publikoan zein eraikinetan egin beharreko lehentasun berriak proposatzen ditu, beharrezkoak diren jarduketen etapen plan bat eginez. “Zehazki, ‘Etxebarri guztiontzat’ planak, irisgarritasunetik abiatuta, etxebarritar guztiekiko eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromisoari aurre egiten dio”, diote Udaletik. Kaleak, plazak, parkeak, hezkuntza-ekipamenduak, garraio-elementuak, geltokiak, aparkalekuak edota seinaleztapen eta komunikazio publikoko sistemak biltzen ditu Irisgarritasun Planaren zirriborroak.

“Helburu nagusia da Etxebarri hobea lortzea, bizitzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, guztiengan pentsatuz. Horrela, bizi direnek, lan egiten dutenek, ikasten dutenek, ondo pasatzen dutenek eta harekin harremanetan jartzen direnek eta bisitatzen dutenek hobeto eta kalitate handiagoarekin egin ahal izango dute”, diote Udaletik.

☉ Etxebarri

Berrikuntza Plan Estrategiko berria egingo dute Etxebarrin, egungo beharrei eta erronkei aurre egiteko

|

Otsailaren 26an lan-jardunaldia egin zuten eta hartara 30 lagun inguru bertaratu zen // Etxebarriko Udala

Etxebarriko Udala 2024-2027ko Berrikuntza Plan Estrategikoa definitzen hasi da. Plan hori hurrengo urteetan udalerriko hazkunde ekonomikoa eta soziala bultzatzeko ibilbide-orria izango da.

“Tresna horren bidez, udalerriko beharrei eta erronkei aurre egiteko aurreikusten diren erronkak identifikatu eta ardatz estrategikoak eta ekintza zehatzak ezarri ahal izango dira”, diote udal ordezkariek.

Planaren definizioan herritarrekin lan-saioak antolatu ditu Udalak, “gure udalerrian etorkizun oparoa eta inklusiboa eraikitzeko komunitatearen konpromisoa islatu behar ditugulako”, diote.

Otsailaren 26an 2024-2027 Berrikuntza Plan Estrategikoko ekintza-ildoak zehazteko lan-jardunaldia egin zuten Kultur Etxean, eta hartara 30 lagun inguru bertaratu zen.

“Elkarrizketa irekiaren eta lankidetza aktiboaren bidez, esku hartzeko lehentasunezko arloak identifikatu dira eta Berrikuntzaren Plan Estrategiko berriaren esparruan egin daitezkeen ekintzak ezarri dira”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Saharar haurrak udan hartzeko harrera familien bila dabil Munduaz Blai Etxebarrin

|

Oporrak Bakean ekimenarekin bat egin du beste urte batez Etxebarriko Munduaz Blai elkarteak // Argazkia: Munduaz Blai

Oporrak Bakean ekimenarekin bat egingo du aurten ere Etxebarriko Munduaz Blai Elkarteak.

“Programa honen bitartez 8 eta 12 urte bitarteko sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera izango dute, eta familia euskaldunek Herri Sahararra lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera izango dute”, diote Munduaz Blaiko ordezkariek.

Ildo horretan, saharar haurrak udan bueltan etortzeko harrera familien bila ari dira elkarteko kideak. Aurten erronka da Euskal Autonomia Erkidegoan 300 harrera familia lortzea da.

Informazio gehiago jaso nahi dutenek edota harrera familia izateko interesa dutenek munduazblai@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Argazkiak / ‘Berdintasunaren zuhaitza’ apaindu dute M8an Etxebarrin

|

Egun osoko aldarrikapena egin dute gaur Etxebarrin. Martxoak 8 dituen honetan, goizean, Udalak bere adierazpena irakurri du udaletxeko plazan herritarren aurrean, eta arratsaldean, Gazteguneetako kideek berea irakurri dute.

Era berean, arratsaldean aurpegi-margoketa eta musika izan dira udaletxeko plazan, herritarrek ‘Berdintasunaren zuhaitza’ apaintzen zuten bitartean.

 

 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Tania Martinez Portugal: «Heteropatriarkatuak gure gizartearen leku guztiak egituratzen ditu, baita gune ezkertiar edo gizarte mugimenduak ere»

Tania Martínez Portugal Ikasketa Feministetan eta Generoko Ikasketetan doktorea da. Feminismoaren egungo eta lehengo aldarrikapenen inguruan luze mintzatu gara

|

Zeintzuk dira benetako gizarte feminista bat eraikitzeko ditugun erronkak? Posible da heteropatriarkatua deseraikitzea? Heteropatriarkatuak “beste aliatu batzuk” dituela dio Tania Martínez Portugal etxebarritarrak (Etxebarri, 1983), baina berau deseraikitzeko pertsona, talde eta instituzio asko daudela ere badio, “inoiz baino gehiago”. Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da Tania, eta Ikasketa Feministetan eta Generoko Ikasketetan doktorea.

Martxoaren 8aren atarian gaude. Emakumeon eskubideen aldarrikapenerako eguna da. Oraindik ere asko daukagu aldarrikatzeko, ezta? Etengabeko lana da. Izan ere, emakume eta gizonen arteko desberdintasunak oso errotuta daude, bai gizartean, bai gure barnean. Deseraikitze estruktural baten beharra dago, eta hau ez da egun batetik bestera lortzen. Feminismoen –pluralean aipatzea gustuko dut- aldarrikapenak ezberdinak eta ugariak dira, subjektu politikoa, emakumeak, ezberdinak garelako, eta zapalkuntza ardatz ezberdinek gurutzatzen gaituztelako. Ez da berdina emakume txuri, ekonomikoki autonomo eta heterosexual batek bizi dezakeen zapalkuntza esperientzia, edo emakume arrazializatu, migrante eta ekonomikoki arazoak dituenarena, adibidez. Horregatik garrantzitsua da tokian tokiko mugimendu feministak bere agenda politikoan egoera ezberdin hauei erantzuna eman ahal izateko ildoak jorratzea.

Gaur egun zeintzuk dira feminismoaren lan ildoak? Azken boladan, zaintzak izan dira Euskal Herriko mugimendu feministen ardatza, konkretuki, zaintza sistema publiko eta duin baten eskakizuna. Zaintzak, bizitzaren ardura, emakumeon ardura gisa jo dugu tradizionalki. Hori dela eta, bizitzaren zaintzarekin lotura duten lanak ezikusiak edo gutxietsiak izan dira: pentsa zer nolako lan-baldintzak dituzten zaintzetara profesionalki dedikatzen diren pertsonak (gehiengoa, emakumeak), edo zenbat zaintza-lan egiten dugun emakumeok “doan”. Beste ogibide bat dugun emakumeok “jardunaldi bikoitzak” izaten ditugu maiz, eta horrek gure karrera profesionala, osasuna eta bizi-poza baldintzatzen ditu zeharo.

“Ondorio nagusien artean zera azpimarratuko nuke: diskurtsoetatik errealitatera dagoen bidea egiteke dagoela oraindik”

Denboraren poderioz aldarrikapenak aldatu egingo ziren. Bai, noski. Baina batzuk errepikatu behar izan dira: bitan borrokatu behar izan dugu abortu eskubidea defendatzeko azkenengo hamarkadetan, adibidez. Abortu eskubidea baino lehen, boto eskubidea izan zen. Geroago, eskubide ekonomiko eta lan-baldintza berdinen alde. Beste gai esanguratsu bat indarkeria matxistena izan da. Gauza edo fenomenoei esanahia emateko boterea izatea ez da edozein kontu: indarkeriaren inguruko definizio feminista legeetan txertatu ahal izana ere ez.

Zure interes eta ikerketa ildo nagusiak dira: genero-indarkeria, epistemologia kritikoak eta irakaskuntza feminista. Nire ikerketa-interesak aldatuz joan dira, baina Teoria Feministan txertatzen dira guztiak, edo behintzat, gai ezberdinei begirada feminista txertatzean. Nire tesia emakumeen aurkako indarkerian zentratu zen eta ikasketa prozesu oso garrantzitsu bat izan zen niretzat. Epistemologia, laburki esanda, zientzia eta metodologien justifikazio eta garapenean zentratzen da. Epistemologia feministak, beraz, prozesu zientifikoan Teoria Feministaren ekarpenak txertatzean datza. Gerora, irakaspen horiek guztiak irakaskuntzan erabiltzea izan da nire helburua.

Horren harira, Ikasketa Feminista eta Generoko Ikasketetan doktorea zara. Zer ikasi eta desikasi duzu bide horretan? Prozesu luzea izan da. Denetarik egon da, ikasteak desikastea ekartzen baitu. Eta hori ahalduntzeko baliagarria izan da, noski. Ahalduntze prozesuan gauden emakumeak, ordea, ez gara ongi-etorriak izaten leku guztietan. Pena da, baina horrela izaten jarraitzen du. Zorionez, ekarri dizkidan gauza onak gailendu egiten dira negatiboen aurrean.

Hainbat gizarte-erakunderekin lankidetzan aritu zara generoan aditu bezala eta kanpoko ikertzaile gisa. Bai, izan ere, unibertsitate irakaskuntza ez zen nire lehenengo hautua izan. Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lan egin izan dut, baita komunikabide komunitario batean ere. Lan hauei esker gure egunerokotasunean zein nazioarteko eremuan dauden gatazka soziopolitikoak arintzeko lan egiten duten hainbat erakunde eta mugimendu sozialen lana ezagutzeko aukera izan dut. Gerora, unibertsitateko karrera ikasten hasi nintzenean, eurekin elkarlanean jarraitu izan dut. Batzuetan hitzaldiak edo formakuntzak ematera gonbidatzen naute, baina gaur egun Hegoa institutuarekin eta AMUGE (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin) dut harremana bereziki. Azken hauek egiten duten lana itzelezkoa da, eta haiei esker asko ikasi dut. Genero antigitanismoa, emakume, ijito eta sarrera ekonomiko baxuak izateagatik sortzen den zapalkuntza intersekzionala da. Horren ondorioek emakume ijitoen bizitzak baldintzatzen dituzte zeharo. Administrazio publikoei egoera honen aurrean esku hartzeko zer hobetu dezaketen identifikatzen laguntzen diegu. Batez ere emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean elkarlanean aritzen gara, diagnosiak, gidak eta formakuntzak sortzen.

2016an Emakunde ikerketa-beka irabazi zenuen, eta horri esker garatu ahal izan zenuen ‘Indarkeria sexistari buruzko emakume aktibisten narratibak Euskadiko komunitate aktibistetan’ ikerketa. Niretzat oso garrantzitsua izan zen beka hori jasotzea, gaiari heltzeko denbora eta baliabide materialak eman zizkidalako. Pentsatzeak dirua balio du; hori ondo dakite momentu honetan egoera prekarioan dauden ikerlari eta irakasleek. Lan horren helburua indarkeriaren izaera estrukturala agerraraztea izan zen. Hau da, emakumeen aurkako indarkeria ez dela bakarrik leku edo egoera jakin batzuetan ematen. Botere-harreman sistema baten baitan ematen da, heteropatriarkatuan. Eta heteropatriarkatuak gure gizartearen leku guztiak zeharkatu eta egituratzen ditu, baita gune ezkertiar edo gizarte mugimenduak ere. Gerora, nire tesian lan horri jarraipena emateko aukera izan nuen.

2019an publikatu zenuen tesiaren arabera, diskurtso feminista bere egiten duten gizarte mugimenduetan, sindikatuetan, alderdi politikoetan eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetan indarkeria sexista ematen dela zenioen. Zelan heldu zinen ondorio horretara? Ez zen ondorioa izan, abiapuntua baizik. Kontua zen identifikatzea bertan ematen den indarkeriak berezko adierazpena zuen edo ez. Hau da, zer gertatzen da emakume batek indarkeria jaso duela salatzen duenean indarkeriaren aurkako diskurtsoa bere egiten duen elkarte edo aktore politiko batean? Zer gertatzen da biktimaren estereotipoa betetzen ez duen emakume batek erasotua izan dela esaten duenean? Eta erasotzailea “gutako” bat denean?

Ondorio nagusien artean zera azpimarratuko nuke: diskurtsoetatik errealitatera dagoen bidea egiteke dagoela. Orokorrean, emakumeek jasotako erantzunak oso traketsak eta mingarriak izan ziren, indarkeriaren inguruko estereotipoen erreprodukzioa ematen delako horrelako espazioetan ere. Kasu batzuetan, modu perbertsoagoan gainera: emakumeei taldearen batasuna arriskuan jartzea leporatzen zaie. Emakume guztiek kolektibo horietan parte hartzeari uzten diote, baina horrek ez du esan nahi bere parte-hartze politikoari uko egiten diotenik: hobeto zainduak eta besarkatuak sentitzen diren kolektiboen parte izatera pasatzen dira, sarritan, kolektibo feministetara.

Bost urte ondoren, aldatu egin al da hori? Hainbat tresna garatu dira: trantsizio feminista bat bideratzea helburu duten barne-prozesuak, barne erasoak ematen direnerako protokoloak… Pixkanaka aurrera goaz, azken finean, gure sozializazioan eta gizarte kulturan errotuta dagoen gauza bat delako.

Norbanakoen kasuan, antzekoa gertatu daiteke? Hau da, norberak bere burua feministatzat izatea, baina jarrera eta komentario matxistak egitea? Nik feministatzat dut nire burua, baina jakin badakit jarrera eta pentsamolde matxistak erreproduzitzen ditudala. Lehen aipatu dugun bezala, deseraikitze prozesua luzea eta konstantea izan behar du. Beste gauza bat da diskurtso feminista ahoan duten emakume eta gizonak, baina euren burua eraldatzeko asmorik ez dutenak, edo bere onurarako bakarrik erabiltzen dutenak. Zuzentze-politikoa dagoen gauzarik kontrairaultzaileena da.

Zeintzuk dira benetako gizarte feminista bat eraikitzeko ditugun erronkak? Posiblea da heteropatriarkatua deseraikitzea? Hori galdera potoloa! Ea erantzun sasi-duin bat emateko kapaza naizen: Lehenik eta behin, aurrean dugun arerioaren ezaugarriak eta tamaina aintzat hartu behar ditugu. Heteropatriarkatua, nahikoa ez balitz bezala, beste “aliatu” batzuk ditu. Hau da, nahastuta eta elkar-dependiente diren botere sistema ezberdinekin bat egiten du: sistema heteropatriarkala, sistema ekonomiko kapitalista, arrazista eta neokoloniala. Bata bestearen beharra dute denboran irauteko. Adibidez, sistema kapitalistak, lan “produktiboak” bideratzeko lan “erreproduktiboak” (zaintza lanak) ixilean eta doan (edo gaizki ordaindutak) egiten dituzten pertsonak behar ditu. Lan horiek gutxietsiak izaten jarraitzeko, heteropatriarkatuak emakumeen esku uzten ditu. Emakume arrazializatu edo migratua bazara, are gehiago.

Erronkak asko dira; lehentasunak, subjetu politikoaren araberakoak. Lehen esan dugun bezala, zapalkuntza esperientziak ezberdinak izango dira emakume txuri, migratu, lesbiana, edo trans bazara. Bestalde, dagoeneko heteropatriarkatua deseraikitzeko lan egiten duten persona, talde eta instituzio asko daude. Inoiz baino gehiago. Horrek baikortasuna sorrarazi beharko liguke.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Herri Krosa eta Patin lasterketa martxoaren 10ean izango dira

|

Lau lasterketa egongo dira, 2 eta 10 kilometrotakoak // Geuria

Herri Krosa eta Patin lasterketa antolatuko dituzte Etxebarrin martxoaren 10ean, igandez.

Guztira lau lasterketa izango dira: 2 kilometroko patin lasterketa, 10 kilometroko patin lasterketa, 2 kilometroko Herri Krosa, eta 10 kilometroko Herri Krosa.

Lasterketetan izena emateko epea zabalik dago sportmaniacs.com webgunearen bitartez.

Aurten Herri Krosaren 28. edizioa da eta Patin lasterketaren 12. edizioa.

Ordutegiak

10:00 Patin lasterketa (2 km)
10:30 XII. Patin lasterketa (10 km)
11:30 Lasterketa (2 km)
12:00 XXVIII. Herri Krosa (10 km)

Osorik irakurri