→Etxebarri

Kirol eskolak dituzten Etxebarriko klubetan Euskara Planak bultzatuko dituzte

Kukullaga Eskubaloia taldean, SD Etxebarri klubean, Kukullaga Areto Futbol taldean eta Berdezurigorri Eskubaloi klubean bultzatuko dituzte hasteko Euskara Planak.

Koikili Lertxundi euSport enpresako zuzendaria eta Etxebarriko kirol eskolen ordezkariak // Etxebarriko Udala

Kukullaga Eskubaloia taldean, SD Etxebarri klubean, Kukullaga Areto Futbol taldean eta Berdezurigorri Eskubaloi klubean bultzatuko dituzte Euskara Planak. Helburua da “euskaldun nortasunaren” balioak indartzea eta Etxebarriko lau klub horien bidez kirol arloan euskararen erabilera bultzatzea eta normalizatzea. Plan horretan 6 eta 14 urte bitarteko adingabeek parte hartzen dute.

EuSport enpresak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Kirol Sailak eskola-kirolaren eremuari buruzko Euskara Plan bat diseinatuko dute, eta Koikili Lertxundi Athletic Clubeko jokalari ohiak zuzendutako enpresak klub bakoitzerako plan indibidualizatu bat egingo du: ‘Euskara kirol munduan Plana’, alegia. Horretarako, euSport enpresak, kirol-taldeekin eta Udaleko ordezkariekin batera, datozen hilabeteetan gauzatuko den ekintza-egutegia aurkeztu eta adostu du.

Diagnostiko orokorra

Maiatzean, klub bakoitzeko kirol-eskolako egoeraren diagnostiko orokorra egingo dute, eta ekainean eta uztailean, Etxebarriko Udalaren laguntzarekin, parte hartzen duen erakunde bakoitzarentzako berariazko Euskara Plan bat egingo dute. “Aurrerago, urritik azarora bitartean, enpresak prestakuntza-saio batzuk eskainiko dizkie eskola-klubetako begiraleei”, diote udal ordezkariek. 

Kukullaga Eskubaloia, SD Etxebarri, Kukullaga Areto Futbola eta Berdezurigorri Eskubaloi klubetan hasiko du prozesua Udalak, eta ondoren, “pixkanka-pixkanaka”, kirol-eskola eta eskola-kirolaren parte diren Etxebarriko beste klub batzuk sartzea da asmoa. “Ekimen honek euskara kirol eremuan bultzatu eta normalizatzen lagunduko du, baita kultura euskaldunaren identitate balioak indartu ere”, diote udal arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak