→Etxebarri

Kriminologia tailerra antolatuko dute azaroan gazteentzat Etxebarrin

Tailerra 12 eta 15 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta azaroaren 9an, 16an, 23an eta 30ean izango da Talka Gaztegunean.

bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak egingo dituzte partaideek // Argazkia: Artem Podrez, Pexels

Gazteentzako zientzia eta teknologia ekintzak antolatuko dituzte azaroan Nerbioi-Ibaizabal eskualdean. Etxebarrin ere tailer bat antolatuko dute: ‘Kriminologia tailerra’. “Misteriozko istorio batean oinarritutako tailerra da. Bertan, pistei jarraituz argitu beharko dute enigma parte-hartzaileek, eta, horretarako, bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak egin beharko dituzte”, diote Nerbioi-Ibaizabaleko Bizilabeko ordezkariek.

Tailerra 12 eta 15 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta azaroaren 9an, 16an, 23an eta 30ean izango da, 17:30etik 19:30era, Talka Gaztegunean. Interesdunek izena emateko epea zabalik dago irailaren 21etik urriaren 21era arte; Etxebarriko gazteguneetan eman ahal izango dute izena gazteek. Tokiak beteko balira, itxaron-zerrenda sortuko dute. Izena ematea doakoa da.

Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga eta Urduñako Udalek, Elhuyarrekin batera, hitzarmena sinatu zuten pasa den astean Arrigorriagako udaletxean, eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko helburuarekin. “Hitzarmen honen bidez, eskualdeko gazteen artean STEAM gaien inguruko interesa piztu nahi da”, diote.

STEAM hitzak Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics edo Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak esan nahi du. Iaz hasi ziren eskualdean zientzia eta teknologiaren aldeko apustu berritzailearekin, eta honakoa ondorioztatu zuten eskualdeko udal ordezkariek: “Elkarrekin egindako identifikazio lan batetik ondorioztatu genuen gazteek joera gutxi zutela STEAM gaien inguruko ikasgaiak aukeratzeko, neskek bereziki”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak