→Etxebarri

ETB3ko ‘Erronkan’ saio berrian parte hartuko du gaur Kukullaga ikastetxeak

ETB3k saio berria estreinatuko du gaur, ekainak 15: ‘Erronkan’ (15:30). Lehen atalean Etxebarriko Kukullaga ikastetxeko ikasleek hartuko dute parte.

astelehenetan eta astearteetan eskainiko dute saioa, 15:30ean, ETB3n eta eitb.eus-en // Argazkiak: EiTB

ETB3k saio berria estreinatuko du gaur, ekainak 15: ‘Erronkan’ (15:30). Saio bakoitzean bi ikastetxek hartuko dute parte eta helburua da umeek euskara modu erakargarrian eta dibertigarrian jasotzea, eta horretarako erronka ezberdinak proposatuko dizkiete. Hala nola, fisikoak, sukaldaritzari buruzkoak, magiarekin zerikusia dutenak, eskulanak, zientzia esperimentuak eta hizkuntzarekin lotutakoak (bertsoak, olerkiak, rap).

Alde batetik, Iholdi Beristain (Portugalete, 2000. Goazen!) eta Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996. 3zpa4) aurkezleek proposatutako erronkak egin beharko dituzte ikasleek, eta bestetik, ‘Eskolen Erronka’ atalean, ikasleak eurak izango dira erronkak proposatuko dituztenak, eta aurkezleak erronka horiek egiteko gai ote diren ikusteko aukera egongo da atal bakoitzean. Saio bakoitzean, tablet bat zozkatuko dute lehiakideen artean, Euskaltelen eskutik.

Kukullaga ikastetxea, lehen saioan

‘Erronkan’ saioan 22 ikastetxek hartuko dute parte. Tartean, Etxebarriko Kukullaga ikastetxea. Lehenengo saioan lehiatuko dira Kukullagako ikasleak eta aurrez aurre izango dituzte Gasteizko Aranbizkarra Ikastolako ikasleak.

Parte hartuko duten beste ikastetxeak dira: Bastida Ikastola – Bilboko Nuestra Señora del Pilar Ikastetxea; Igeldo Herri Eskola – Ondarroako Zaldupe Eskola; Gasteizko Barrutia Ikastola – Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastola Publikoa; Zarauzko Orokieta Herri Eskola – Elgoibarko Herri Eskola; Lizarra Ikastola – Loiuko Lauro Ikastola; Amorotoko Eskola – Leioako Askartza Claret Ikastetxea; Beasaingo Murumendi Eskola – Gasteizko Angel Ganivet – Santa Luzia Herri Ikastetxea; Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastola – Bilboko Basurto Ikastetxea; Lezo Herri Eskola – Durangoko San Antonio Ikastetxea; Jesuitak Donostia Ikastetxea – Legazpiko Haztegi Ikastola.

Itziar Gomez (‘Erronkan’ saioko zuzendaria), Iholdi Beristain, Ekain Ibarguren (aurkezleak), Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea) eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia) // Argazkia: EiTB

Gaur, ekainaren 15etik aurrera, astelehenetan eta astearteetan eskainiko dute saioa, 15:30ean, ETB3n eta eitb.eus-en. Gainera, erronka guztiak /eu/hiru3/erronkan/ helbidean izango dira ikusgai, eta baita Hiru3 APPan zein Hiru3 telebista konektatuetan ere.

EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailak batera sortutako ekimen hau 6 eta 10 urte bitarteko haur eta gaztetxoei dago zuzenduta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak