Urtarrilean karpa kokatu zuten Etxebarriko Kukullaga ikastetxean, “eguraldi txarra egiten duenetan osasun-neurriak bermatu ahal izateko”. Hasiera batean ikasturte amaierara arte utziko zuten jarrita karpa, baina udal ordezkariek erabaki dute datorren ikasturteko lehen hiruhilekoan mantentzea: “Osasun egoerak hobera egin badu ere, aurreikusten da ikasturte berriaren hasieran oraindik prebentzio neurriak hartzen jarraitu beharko dela eta karparen beharra aurreikusten da gutxienez ikasturtearen lehen hiruhilekoan”, diote udal ordezkariek.
Ekainetik abendura bitarteko karparen kostua Etxebarriko Udalak hartuko du bere gain, eta horretarako 15.000 euroko partida gaitu du. “Karpa honek erabilera anitza izango du. Ikaslegoaren eskola orduetako jolastorduan eta bazkalostean erabiltzeaz gain Elkar Guraso Elkarteak antolatutako eskolaz kanpokoak eta Udalak antolatutako gainontzeko kirol zein bestelako jarduerak egitea ere erraztuko du”, diote.
