→Etxebarri

Kukullagako magala sendotzeko lanetan 75.000 euro bideratuko ditu Ur Partzuergoak

Lanak aste honetan hasi ditu Ur Partzuergoak eta uztailerako bukatuko dituztela adierazi dute. 

Obrak aste honetan hasi dituzte eta sei astez luzatuko dira // Etxebarriko Udala

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hasi ditu lur-jausiek kaltetutako Etxebarriko Kukullagako mendi magala sendotzeko lanak, hornidura-sareak kalte gehiagorik jasan ez dezan. Lanak aste honetan hasi dituzte eta uztailerako bukatuko dituztela adierazi dute. 

Eskura dauden aukerak aztertu ostean, honako irtenbide hau planteatu dute arduradunek: mikropilotezko bi pantaila paralelo jartzea hodien bi aldeetan, eta pantaila horiek eta hodiak bat egindako lauza armatu baten bidez elkartzea. Irtenbide horren helburua da hodiak dauden eremua sendotzeko eta lurrei eusteko sistema bat ezartzea, bai eta Etxebarriko San Antonio auzoan edateko hornidura bermatzea ere. Obrak egikaritzen diren bitartean ezpondaren egonkortasuna bermatzea aldera, lerraduraren eremuko tartean, bihurdura arrunteko sare baten bidez, euste-sistema bat egikaritzea aurreikusi dute, mikropilotezko pantailaren aurretik jarriko dena. Guztira 75.000 euroko inbertsioa egingo du Ur Partzuergoak obra horietan.

Argazkia: Etxebarriko Udala

Urtarrilean eta otsailean lur-jausiak izan ziren Kukullagako mendi magalean eta ondorioz, San Antonio eta Kukullaga auzoei ura hornitzen dion hodi bat hautsi zen. Ordutik, Ur Partzuergoko eta Etxebarriko Udaleko arduradunak modu koordinatuan aritu dira lanean, ur-sarea zaindu eta herritarrentzako hornidura bermatuko duen behin betiko irtenbide bat bilatzeko.

Hiru esku-hartze burutuko dituzte Etxebarrin, matxura baten aurrean ur-hornidura ziurtatzeko

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak