→Etxebarri

24 langabe gutxiago zenbatu dituzte Etxebarrin maiatzetik ekainera

Lanbidek argitaratu dituen ekaineko datuen arabera, 677 langabetu daude Etxebarrin, iaz baino 142 gehiago. Aurten, Covid-19an pandemia tarteko, goranzko joera eman da, azken hilabetean izan ezik.

677 langabetu daude Etxebarrin, iaz baino 142 gehiago // Argazkia: Geuria

Lanbidek argitaratu dituen ekaineko datuen arabera, 677 langabetu daude Etxebarrin, iaz baino 142 gehiago. Langabezia-tasa % 11,2koa da, iaz baino 2,3 puntu gehiago. 677 langabetuen kopurutik 400 emakumeak dira (% 13,7) eta 277 gizonak (% 8,8).

Adinari dagokionez, 45 urtetik gorakoen tarteak ditu langabetu gehien, 323rekin (193 emakume eta 130 gizon). Gertu, 25 eta 44 urte bitarteko tartea dago 299 langerekin: 178 emakume eta 121 gizon. Azkenik, 25 urtetik beherakoen kasuan, guztira 55 langabetu daude: 29 emakume eta 26 gizon.

Iazko ekainetik % 26,54 igo da langabezia-tasa Etxebarrin (142 langabe gehiago). Zehazki, 2019ko ekainean 535 ziren langabezian zeudenak (% 8,9). Bizkaian langabezia-tasa % 14,6an dago eta EAEn % 13,5ean.

Hiletik hilera

Iaztik gaur egunera bitartean egon den gorakadak Covid-19aren pandemiarekin du zerikusia. Pandemia hasi aurretik, 2020ko otsailean, 562 langabetu zeuden Etxebarrin.

Hilabetetik hilabetera hau izan da langabeziaren bilakaera Etxebarrin: otsailetik martxora 64 langabe gehiago erregistratu zituzten Lanbiden, martxotik apirilera 66 gehiago, apiriletik maiatzera 9 gehiago, eta maiatzetik ekainera 24 gutxiago.

6.793 langabe eskualdean

Lanbidek publikatu dituen datuen arabera, ekainean 6.793 langabetu zenbatu dituzte Hego Uriben. Eskualdean Basaurin daude langabetu gehien (3.178, % 16,7), Galdakaoren (1.707, % 11,7), Arrigorriagaren (777, % 12,6), Etxebarriren (677, % 11,2), Ugaoren (274, % 13,2), Zaratamoren (121, % 14,5) eta Zeberioren (59, % 10,6) aurretik.

📊 DATUAK | 6.793 langabetu daude ekainean Hego Uribe eskualdean, maiatzean baino 95 gehiago

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak