→Etxebarri

Maker komunitatea abian da Etxebarrin, hogei boluntariorekin

Maker komunitatea eratu dute Etxebarrin, koronabirusaren aurkako borrokan beharrezkoak diren elementuak egiteko, hala nola, zipriztinen aurkako maskarak.

Argazkiak: Etxebarriko Udala

Maker komunitatea eratu dute Etxebarrin. Helburua da koronabirusaren aurkako borrokan beharrezkoak izan daitezkeen elementuak egitea, hala nola, zipriztinen aurkako maskarak.

Ekimen hau martxan jartzeko, 3D inprimaketaren arloan kezka eta ezagutza duten etxebarritarrei lantalde bat osatzeko gonbitea luzatu zien Udalak apirila hasieran eta dagoeneko hogei bat boluntario daude lanean Etxebarriko Maker komunitean: “Hamasei lagun daude 3D elementuak egiten: bost emakume eta hamaika gizon. Baina beste zenbait herritar ere badaude modu batean edo bestean komunitatean laguntzen”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak: “Beren baliabideak dituzten pertsonak, kezkak dituztenak eta normalean Berrikuntza Zentrora (CIME) datozenak osatzen dugu Etxebarriko Maker komunitatea. Batzuk CIMEn ari dira lanean eta beste batzuk euren etxeetan. Asmoa da etxetik lanean ari direnei materiala doan ematea”.

Bi-hiru orduan bi maskara egiten dituzte Etxebarrin. “Euskadiko Maker komunitatearen zerbitzura gaude eta euren irizpideei jarraitzen diegu maskarak banatzeko. Nolanahi ere, Etxebarrin beharrak badaude -adibidez, pixkanaka irekiko dituzten saltokietan-, eurei emango dizkiegu CIMEn bertan egindako maskarak”, dio Olivak.

3D inprimagailuak CIMEn

Etxebarriko Berrikuntza Zentroak bi 3D inprimagailu ditu. Horietako bat bazegoen CIMEn eta bestea Herriaren Ahotsa-La Voz del Pueblo elkarteak eman du dohaintzan. Gainera, zortzi kilo material ere eman ditu elkarteak, “beharrezkoak izan daitezkeen elementuak egiteko”. Asmoa da egoera hau behin amaituta, bi inprimagailu horiek CIMEn izatea, etorkizunean tailer gehiago egiteko.

Osasun-egoera hau piztu aurretik, Berrikuntza Zentroak 3D inpresioari lotutako hainbat tailer egin ditu, eta ekimen hau martxan jarri du osasun krisi garai hauetan sortzen diren beharrak kontuan hartuta. “Lankidetza-esperientzia izateaz gain, 3D inprimagailuen arloan benetan ikasteko aukera ematen du ekimenak”, dio Olivak: “Materiala sortzeko (maskarak eta belarrietako babesak), boluntarioek 3D teknologiari buruzko prestakuntza-saioetan parte hartu dute”.

Ekimenak guztiz bat egiten du berrikuntzak pertsonen zerbitzura egon behar duen ideiarekin, Etxebarriko Udalak Zientzia eta Berrikuntzaren Hiri gisa bultzatu nahi duen kultura.

Ekimen honetan interesa dutenek harremanetan jar daitezke cime@cimenet.net helbide elektronikora idatziz.

Eneko (CovidEuskadi): “Makerrok dohaintzan eskatzen dugu filamentua, osasun langileentzako biserak egiten jarraitzeko”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak