→Etxebarri

Ohitura osasungarriak sustatzeko ‘Eskolara oinez’ kanpaina zabaldu dute Etxebarrin

etxebarri kukullaga san antonio ikastetxea 2018 horma irudia argazkia udala

ikasleak eta euren familiak eskolara eta institutura oinez joatea animatzeko kanpaina zabaldu dute Etxebarrin.

Ikastetxera oinez joateko kanpaina zabaldu dute Etxebarrin // Argazkia: Artxibokoa, Etxebarriko Udala

Bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko lanean jarraitzen du Etxebarri Martxan osasun-sareak. Oraingoan, ‘Bidea eginez, eskolara oinez’ kanpaina hedatu dute, ikasleak eta euren familiak eskolara eta institutura oinez joatea animatzeko. “Dagoeneko familia, haur eta gazte asko oinez doaz ikastetxera, baina etxebarritar gehiago animatu nahi ditugu ohitura osasungarri hori eguneroko bizitzan sartzera”, diote sustatzaileek.

“Gure udalerria txikia da, eta N-634 errepideak sortzen duen bereizketa gorabehera, eta batez ere San Antonio inguruan dauden maldak gorabehera, ibilbideak nahiko laburrak dira”, diote Udaletik: “Adibidez, udaletxetik Kukullaga Lehen Hezkuntzako ikastetxeraino 12 minutu baino ez dira ematen oinez, eta Galizia kaleko 10. zenbakitik ikastetxe horren eta Barandiaran eta San Antonioko Haur Hezkuntzako ikastetxeen artean 9 minutu inguru ematen dira. Bestetik, Kukullaga eta Etxebarri Institutuaren artean 11 minutu behar dira (denbora hori igoeran kalkulatzen da)”. Udalak mapa bat argitaratu du, eta bertan, modu orientagarrian adierazten da zenbat denbora behar den joan-etorriak egiteko.

Udalak argitaratu duen mapa distantzia-denborekin // Etxebarriko Udala

Etxebarri Martxan sarea Kukullaga ikastetxearekin, Etxebarriko Institutuarekin eta Guraso Elkarteekin lankidetzan izan da kanpaina hori abiarazteko.

Eskolara itzulera

Irailaren 7an eskolara eta institutura itzuliko dira Etxebarriko ikasleak, eta ildo horretan zabaldu dute ‘Bide eginez, eskolara oinez’ kanpaina: “Zergatik ez joan eskolara edo institutura ostera bat emanez? Agian, ikasgeletarako itzulera beste era batera egin dezakegu eta aprobetxatu bizi-ohitura osasungarriak hartzeko. Izan ere, ohitura horiek, iraunkorragoak izateaz gain ingurumenari ere mesede egingo baitiote”, diote Udaletik.

Bestetik, Covid-19ren ezohiko egoera dela eta, ikastetxeek sarrera mailakatuak ezarri dituzte aglomerazioak saihesteko. Gainera, Etxebarribus zerbitzua indartuko dute hilaren 7tik aurrera, baita 3. Lineako igogailua (Euskotren) ere. “Hala ere, kanpainarekin bat eginez, etxebarritarrak animatu nahi ditugu joan-etorriak oinez egitera”, diote. 

EtxebarriBus zerbitzua indartuko du Udalak irailetik aurrera, ikasturte berriarekin batera

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak