→Etxebarri

Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoa irekiko dute Etxebarrin, merkatariei laguntza emateko

“Laguntza teknikoko eta merkataritza-dinamizazioko zerbitzua” lizitatzeko prozesua hasi du Etxebarriko Udalak.

Artxiboko irudia // Geuria

Etxebarriko merkataritza suspertzeko eta indartzeko lanean da Udala. Azken urte eta hilabeteetan hainbat kanpaina butzatu dituzte eta oraingoan Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoa sortzea da udal ordezkarien asmoa, “udalerriko merkatariei eta profesionalei laguntza emateko”. Bulego horrek hurrengo urteetan gauzatu beharko ditu Merkataritza Sustatzeko Plan Berezian jasotako ekintza gehienak, baita “Go!! EtxeMarket” proiektuaren barruko ekintzak ere; proiektu hori Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planarekin batera finantzatzen da, Europar Batasuneko Next GenerationEU funtsen bidez.

“Pandemiaren krisiak mehatxu argia egin dio hiriko merkataritzari, eta are gehiago udalerri txikietako merkataritza-guneetan. Etxebarri ez da salbuespena izan. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoa sortzea, garapen espezializatu eta etengabe bati begira, erosle mota bakoitzaren ezaugarriak ezagutuz, ikusarazteko kanpainak abiaraziz eta erosteko modu berriari bidea irekiz, hala nola, gaur egun hainbesteko indarra hartzen ari den digitalizazio komertzialari”, diote udal arduradunek.

Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoa irekitzea jasota dago Merkataritza Suspertzeko Plan Berezian. Plan hori iazko uztailean onartu zuen udalbatzak. Testuinguru horretan, Etxebarriko Udalak “Laguntza teknikoko eta merkataritza-dinamizazioko zerbitzua” lizitatzeko prozesua hasi du, merkataritzaren berrikuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako ekimena garatzeko, bilakaera hori indartzeko, eta garapen arrakastatsurako merkataritza-saltokietan lan egiten duten pertsonen beharrak behatzea eta erakartzea helburutzat hartuta. Proiektu honen aurrekontua 116.000 eurokoa da eta enpresek maiatzaren 17ra arte dute eskaintzak aurkezteko epea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak