→Etxebarri

Etxebarriko merkataritzan euskara sustatzeko laguntzak martxan jarri ditu Udalak

Artxiboko irudia // Etxebarriko Udala

Etxebarriko saltokietan eta ostalaritzan euskara sustatzeko laguntzak emango ditu beste urte batez Udalak. Alde batetik, dendetan eta taberna zein jatetxeetan errotuluak jartzeko laguntzak emateko deialdia zabaldu dute. Diru-laguntza % 50ekoa izango da euskara hutsezko errotulaziorako (gehienez, 200 euro kanpoko errotulaziorako eta gehienez 200 euro barruko errotulaziorako), eta % 30ekoa elebiduna denean (gehienez, 100 euro kanpoko errotulaziorako eta gehienez 100 euro barruko errotulaziorako).

Laguntza horrek honako euskarriak izango ditu: kanpoko errotulazioan, lokala identifikatzen duen errotulu finkoa, errotulazioa ibilgailuan, errotulazio ez-finkoa eskaintzen diren produktuak edota zerbitzuak erakusteko, eta saltokiaren webgunea euskaraz eguneratu eta editatzeko; eta barruko errotulazioari begira, eskaintzen diren produktuak edota zerbitzuak identifikatzeko errotulu finkoa eta seinaleen errotulazioa (bainugelak, jangela, sarrera/irteera, probalekua), langileen arropa eta uniformea, menua, karta eta katalogoak, eta mahai-zapiak edota ahozapiak.

Bestetik, aurten Berria egunkariko harpidetza egiteagatik diru-laguntzak emango ditu Udalak. “Aleak establezimenduko bezeroen eskura egongo dira uneoro, eta Etxebarriko Udalak urteko harpidetzaren kostuaren bi heren ordainduko ditu”, diote udal ordezkariek.

Diru-laguntzak deialdi irekiaren bidez emango dira, ezarritako kredituaren mugarekin (1.000 euro). Eskaerak egiteko epea zabalik dago 2022ko abenduaren 31ra arte. “Udaleko Euskara Zerbitzutik, merkatari asko euren negozioetan euskara sustatzera animatzea espero dugu, bai laguntza hauetan parte hartuz, bai gure hizkuntzaren eguneroko erabileran“, diote udal ordezkariek: “Gure nahia etxebarritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzea da, eta, aldi berean, erakundeek hizkuntza normalizazioan adostutako araudia errespetatzea. Aukera hauek aprobetxatzea merezi du Etxebarrin merkataritzaren eskaintza eta zerbitzua hobetu asmoz”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak