→Etxebarri

Etxebarriko merkatarientzako euskara ikastaro espezializatuak antolatuko dituzte datorren ikasturtean

Etxebarriko saltokietan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko urrats berriak eman ditu Udalak. Horretarako bi aukera proposatu ditu.

Etxebarriko Euskaltegian eskainiko dituzte merkatarientzako euskara ikastaroak // Geuria

Etxebarriko saltokietan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko urrats berriak eman ditu Udalak. Horretarako, beren saltokietan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua errazteko bi aukera proposatu dizkie Udalak. Alde batetik, herriko merkatariek euskara ikasteko talde ikastaro espezializatuak antolatuko dituzte 2021/2022 ikasturtean: “Diruz lagundutako ikastaroak izango dira eta Etxebarriko Euskaltegian emango dira datorren ikasturtean zehar”, diote udal ordezkariek. Ikastaro horien matrikula irailean egin beharko dute merkatari eta ostalari interesdunek.

Eta bestetik, bezeroak euskaraz ere artatuko direla bermatzeko, “Hemen ere euskaraz” leloa duen itsasgarria banatuko die Udaleko Euskara Zerbitzuak hala eskatzen duten saltokiei: “Maila arazorik gabe euskaraz erantzun ahal izateko adinakoa bada, eranskailuan Ahobizi logoa sartuko da; hala ez bada, berriz, Belarriprest logoa jarriko da eranskailuan”, diote udal ordezkariek. Itsasgarria beren saltokian jarri nahi duten merkatariek Arlo Soziokulturalaren bulegoetan (Cime, bigarren solairua) eska dezakete eta bertan jasoko dute. Udalak aste honetan bidaliko die gutuna herriko denda guztiei aukera horien berri emateko. 

“Era berean, merkatariek konpromisoa hartu ahal izango dute bezeroei lehenik euskaraz hitz egiteko eta, horrela, aukera hori bermatzeko hala egin nahi duten pertsona guztiei”, diote udal arduradunek: “Uste dugu neurri horiek guztiak lagungarriak izan daitezkeela Etxebarriko merkatariek bezeroei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Gainera, proiektu honekin erakundeek hizkuntza-normalizazioari buruz adostutako araudia bultzatuko dugu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak