→Etxebarri

180 etxebizitza berri eraikiko dituzte Etxebarriko San Antonion: libreak, tasatuak eta alokairuzkoak

Mirador proiektuko etxebizitza berriak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan // Geuria

Etxebizitza berriak eraikiko dituzte Etxebarrin, San Antonio auzoan, Santa Marina kalearen ipar-mendebaldean, Etxebarriko Institutuaren ondoan dauden lurretan. Zehazki, 180 etxebizitza berri eraikiko dituzte bertan: 40 etxebizitza libre, beste 40 etxebizitza tasatu, babes ofizialeko 80 etxebizitza —sustapen pribatukoak— eta alokairuko 20 etxebizitza babestu. Etxebizitza guztiek garajea, trastelekua eta terraza izango dituzte.

Residencial Goikoa Plaza SL enpresak eraikiko ditu etxebizitzak, eta aurreikuspenen arabera 2023ko urte hasieran hasiko dituzte obrak. Guztira bederatzi bloke eraikiko dituzte eta denek lau soilairu izango dituzte. “Lehenengo eraikiko dituzte lehehengo eta bigarren blokeak (etxebizitza libreak), baita bosgarren blokea ere (borondatezko birkokapenetarako 8 etxebizitza, herriko familia behartsuei lagatzeko 6 etxebizitza eta babes ofizialeko batzuk)”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak. Bederatzigarren blokea Udalarena izango da: “Alokairuko etxebizitza babestuak eraiki nahi ditugu bloke horretan, baina proiektua zehaztu behar dugu. Ikusiko dugu proiektua Eusko Jaurlaritzari lagatzen diogun edo Udaletik kudeatzen dugun”, dio Olivak.

Etxebizitzak eraikitzeaz gain, enpresa sustatzaileak ingurua berrurbanizatuko du. Besteak beste merkataritza-lokalak eta arkupedun plaza diseinatuko ditu: “Horiek elkargune berri bat izango dira gaur egun ez dagoen eremu batean”, dio Olivak. Gainera, oinezkoen bide berriak sortuko dituzte, etxebizitza berrietatik Zintururi plazara, Institutuaren atzekaldetik. Halaber, Santa Marina kaleko aparkalekuak berregituratuko dituzte: “Santa Marina kaleko aparkalekuak baterian jarriko ditugu, eta Institutua eta etxebizitza berrien artean aparkaleku gehiago ezarriko ditugu”, dio Olivak. Guztira milioi euroko inbertsioa egingo dute esku-hartze horretan.

Bederatzi bloke eraikiko dituzte // Etxebarriko Udala

“Kalitatezko etxebizitzak izango dira, gehienak hiru logelakoak, baina baita bi logelakoak eta logela bakarrekoak ere. Uste dugu hirigintza-proiektu hau oso beharrezkoa da gazteen etxebizitza babestuaren eskaerari erantzuteko”, dio Olivak. Era berean, alkateak prentsaurrekoan gogorarazi du etxebizitza berriak eraikiko diren eremuak “aldaketa nabariak” izango dituela hemendik hilabete batzuetara: “Izan ere, Institutua berria eraikitzen hasiko da Eusko Jaurlaritza 2023. urte hasieran eta etxebizitza berriekin beste itxura bat izango du gune honek. Udalerriarentzat hobekuntza nabaria izango dira bi esku-hartzeak”.

Aspaldiko proiektua

“Aspaldiko proiektua da hau, eta azkenean errealitate bihurtuko da”, dio Iker Lopez Hirigintza arloko zinegotziak. Hain zuzen ere, lursaila landa-lurzorutik hiri-lurzorura aldatu ondoren, proiektua 2015ean onartu zen behin betiko, baina hasierako sustatzailearen heriotzak lurraren salmenta ekarri zuen. Hasierako sustatzaile hori Basañez zen. Urteetan ez da eroslerik agertu, orain arte: “Duela hilabete batzuk Residencial Goikoa Plaza SL sustatzaileak lursailak erosi zituen, onartutako hirigintza-proiektuarei berriko ekiteko asmoz”, dio Lopezek. Atzoko osoko bilkuran hirigintza-hitzarmena sustatzaile berriarekin eguneratzea onartu zuen udalbatzak LVP, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Etxebizitza berriak Institutuaren ondoan eraikiko dituzte // Etxebarriko Udala

Hitzarmen horren arabera, bederatzigarren blokea Udalaren jabetzakoa izango da, 451.800 euro Etxebarriko Udalari dagozkio hirigintza-inbertsioetarako, eta esku-hartzea egingo den lurzatiari erantsitako 35.000 metro karratuko baso-partzela doan jasoko du Udalak. “Hitzarmenak administrazio-prozesuaren faseen egutegia eta Udalaren aldeko kontraprestazioak betetzeko epeak ere jasotzen ditu, baina sustatzaileak lehenbailehen ekin nahi dio eraikuntzari”, dio Olivak. Uztailaren 20ra arte alegazioak aurkeztu daitezke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak