Etxebarriko Munduaz Blai Elkarteak 10 urte beteko ditu aurten. Sahararen eta bertakoen alde lanean dihardu elkarteak 2009tik: “Hamar elkartasun urte beteko ditugu: errefuxiatu kanpamentuetara bidaiak, elikagai eta arropa bilketak edota sentsibilizazio kanpainak burutu ditugu”, diote Munduaz Blai Elkartetik: “Eta hamar urte igaro arren, aurrera egiteko gogotsu eta indartsu gaude. Gure neba-arreba sahararren ametsa herri libre batean bizitzea da eta guk bide horretan beraiekin bat egiten jarraituko dugu”.
Bide horri jarraiki, ekainaren 22an 10 urteko ibilbidea ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute Etxebarrin Munduaz Blai Elkartetik. Besteak beste, tailerrak, erakusketa, azoka, musika eta herri bazkaria izango dira.
Munduaz Blai Elkarteak 10 urte
Ekainak 22, larunbata
11:30 Pregoia
12:00-13:30 Haurrentzako tailerrak
13:00-15:00 Poteo musikatua Kittu taldearekin
15:00 Herri bazkaria. Ondoren, Bingoa eta jolasak
18:30 Kolpez Blai perkusio ikuskizuna
+ Egun osoan zehar: Salek Brahim margolariaren erakusketa eta produktu saharraren azoka/salmenta
