☉ Etxebarri
Nafarroa eta Galizia kaleen arteko igogailua martxan jarriko dute bihar, Etxebarrin

Nafarroa kalea berrurbanizatzeko eta hobetzeko lanak bukatu ditu Etxebarriko Udalak. Ildo horretan, Galizia kalearekin konektatzeko hiri-igigailua bihartik aurrera (abenduak 16) martxan egongo dela jakinarazi dute udal ordezkariek: “Bihar, abenduak 16, 13:00etan aktibatuko da erabilera publikorako igogailua”. Igogailua 24 orduz egongo da martxan, 8 lagunentzako lekua du eta lehentasuna izango dute mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek, haurdun dauden emakumeek eta umeentzako orgatxoak dituzten pertsonek.
Bestetik, igogailuaren parean, Galizia kalean, EtxebarriBus geltokia martxan izango da ere bihartik aurrera.
☉ Etxebarri
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria berritu du Etxebarriko Udalak

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria 17 udali berritzeko ebazpena argitaratu du. Tartean, Etxebarriko Udalari.
“Aitorpen hori bereizgarri bat baino askoz gehiago da: berresten du Etxebarriko Udalak hasi duen bidea — berrikuntzan, jasangarritasunean, parte-hartzean eta eraginkortasunean oinarritua — fruituak ematen ari dela. Etengabeko lana islatzen du, beti helburu argi batekin: Etxebarriko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea”, diote udal ordezkariek.
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria jaso duten hiri guztiak Innpulso Sarearen parte dira. Sare hori tamaina guztietako 109 hirik osatutako topagune bat da, iraunkortasun ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin nolabait konprometituta daudenak. Sare horretan, udalerriek esperientziak eta proiektuak partekatzeko aukera dute, udalen arteko lankidetza sustatuz eta beste udalerri batzuetatik ikasteko aukerak sortuz.
☉ Etxebarri
Istripu baten ondorioz N-634 errepidea itxi dute Etxebarrin, Bilborako norantzan

9:00ak aldera ibigailu baten eta anbulantzia baten arteko trafiko istripua gertatu da N-634 errepidean, 105. kilometro-puntuan, Etxebarri parean. Ezbeharraren ondorioz, bidea erabat itxi behar izan dute Bilborako norantzan, eta horrek auto-ilarak eta eragozpenak sortu ditu inguruko sarbideetan.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak bertan ari dira lanean ezbeharra kudeatzeko, eta hiru zauritu daude. Une honetan, trafikoa bideratzen ari dira eta gidariei arretaz ibiltzeko edo ordezko bideak erabiltzeko gomendioa luzatu diete.
☉ Etxebarri
Argazkiak | Aterki azpian ongi etorria eman diete Olentzerori eta Mari Domingiri Etxebarrin

Abenduak 24 dituen honetan Olentzero eta Mari Domingi sartuko dira gure etxeetan opariak banatzera. Baina lanean hasi aurretik, harrera egin diete goizean Etxebarrin. Euripean, Zintururi plazatik kalejira egin dute Etxebarriko frontoiraino. Bertan izan gara!
☉ Etxebarri
Nerea Ibarzabalekin eta Sustrai Colinarekin Bertso poteoa antolatu dute Etxebarrin

Gabonen atarian Bertso poteoa antolatu dute Etxebarrin.
Abenduaren 19an, ostiralez, izango da eta bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Bertso poteoa 20:00etan hasiko da udaletxeko plazatik.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarraren alde egingo dituzte aurtengo Gabonetako ekimen solidarioak
Balkoi Solidarioen ekimenean eta euskal dantzen eta zumba ekitaldi batean bilduko duten dirua emango diote dibertsitate funtzionala duen etxebarritarrari

Elkartasun keinuak nagusi izango dira beste urte batez Etxebarriko Gabonetan. Aurten bi ekimen antolatuko dituzte: balkoi solidarioak eta euskal dantza eta zumba erakustaldia.
Eta, biekin bilduko duten dirua Aingeru Picaza Calero herrikideari emango diote. Dibertsitate funtzionala du, eta motor berri bat behar du bere gurpil-aulkiarentzat, behar duen errehabilitazio-prozesuarekin jarraitzeko.
Balkoi solidarioen ekimenari dagokionez, erronka izango da 1.100 balkoi apaintzea. “Horri esker, Udalak 2.000 euro bideratuko ditu kausa solidariora”, diote udal ordezkariek.
Balkoi apainduen zenbaketa abenduaren 18an, ostegunez, egingo dute, 19:00etatik aurrera. “Udalak eta antolakuntzak herritar guztiak animatzen ditu balkoiak piztuz eta apainduz bat egitera”, diote.
Bigarren ekimena, euskal dantza eta zumba erakustaldia, urtarrilaren 3an izango da 17:00etatik aurrera Etxebarriko kiroldegian.
“Kasu honetan, erronka Euskal Dantzaren eta Zumbaren erritmoan dantza egiten duten 150 pertsona biltzea da”, diote. Ekimen honetan ere 2.000 euro emango ditu dohaintzan Udalak.


























