→Etxebarri

Nafarroa kaleko urbanizazio lanak hasiko dituzte urtarrilean Etxebarrin

Nafarroa eta Galizia kaleetako irisgarritasuna hobetzeko, besteak beste, hiri-igogailu bat eraikiko du Etxebarriko Udalak.

Obra hauen helburua da oztopo arkitektonikoak kentzea eta hiri-igogailu bat eraikitzea // Geuria

Nafarroa kaleko urbanizazio eta irisgarritasuna hobetzeko lanak gaur, urtarrilak 7, hasiko zirela zabaldu du Etxebarriko Udalak, baina beste ohar baten bidez jakinarazi du urtarrilaren 11n hasiko direla. Obra hauen helburua da oztopo arkitektonikoak kentzea eta hiri-igogailu bat eraikitzea Galizia eta Nafarroa kaleak lotzeko. “Lanak direla eta, une desberdinetan oinezkoen eta ibilgailuen pasabidea moztuko da. Hala ere, irisgarritasuna guneko etxebizitzetara eta lonjetara, behin behinean ahalbidetuko da”, dio Miguel Angel Herrero Hirigintza arloko zinegotziak: “Aldi oro lanen faseen eta horrek herritarrengan sor ditzaketen eragozpenen berri ematen joango gara”.

Galizia eta Nafarroa kaleetako irisgarritasuna hobetzeko lanen lehenengo fasea burutzeko prozesua hasi zuen Udalak urte amaieran. Guztira hiru enpresa aurkeztu ziren lizitazio prozesura eta azkenean Construcciones Olabarri enpresari esleitu dizkiote lanak, 442.093 eurorengatik. Udalak diru-laguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, irisgarritasuna hobetzeko ekintzen azken deialdian.

Proiektuaren arabera, Nafarroa kaleko 14. zenbakia eta Galizia kalea lotzeko igogailu bat eraikiko dute. Igogailuak bi geldialdi izango ditu: lehenengo geldialdiak 14. atarira sarbidea erraztuko du eta 8. eta 10. atarietara joateko arrapalak jarriko dituzte; eta bigarren geldialdia 18. eta 20. atarien parean ezarriko dute pasabide baten bitartez. Bigarren geldialdi honek, gainera, 12. eta 16. atarietara lotura izango du. Igogailuak egungo eskailerak ordezkatuko ditu eta zortzi lagunentzako lekua izango du. Obrak amaitzen dituztenean, Etxebarribuseko geraleku bat jarriko dute Galizia kaleko oinezkoentzako pasabidearen parean; “horrela, inguruko bizilagunek nabarmen hobetuko dute mugikortasuna eta konektibitatea”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak