→Etxebarri

Etxebarriko ondarea, Instagrametik Europara

Ondarearen Europako Jardunaldien harira Foru Aldundiak #Instaondarea lehiaketa jarri zuen martxan. Etxebarri Institutuko Lorena Eguiguren, Saioa Eguiguren, Naroa Etxegaray, Alba Llosa, Ainara Marota eta Ane Valero ikasleek irabazi dute lehiaketa.

Europara bidaia irabazi dute Etxebarriko Institutuko sei ikaslek Instaondarea lehiaketari esker // Geuria

Ondarea eta Instagram uztartu dituzte Etxebarriko sei neska gaztek. Lorena Eguiguren, Saioa Eguiguren, Naroa Etxegaray, Alba Llosa, Ainara Marota eta Ane Valero Etxebarri Institutuko batxilergoko ikasleek Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako #Instaondarea lehiaketan parte hartu dute, baita hura irabazi ere. Europako hiri batera bidaia irabazi dute, baina oraindik ez dakite nora egingo duten asteburuko bidaia, ezta noiz egin ahal izango duten ere. “Ziurtagiri bat eman digute adierazteko gu izan garela bidaia irabazi dugunak. Ez dakigu ez nora joango garen ez noiz egingo dugun bidaia, baina 2021ean zehar izango omen da”, diote.

“#Instaondarea lehiaketan gogotsu parte hartu dute, eta Etxebarriko eta gure inguruko ondarea Instagram sare sozialaren bitartez zabaldu dute”, dio Alberto Castañeda Informatikako irakasleak. Besteak beste, berak bultzatu zituen Lorena, Saioa, Naroa, Alba Llosa, Ainara eta Ane lehiaketan parte hartzera. “Gelakide guztiei proposatu zigun lehiaketan parte hartzea eta gu seiok batu eta parte hartzera animatu ginen”, diote: “Hori bai, lehiaketan bosteko taldeak baino ez zituzten onartzen. Horregatik baldintza bat jarri ziguten: lehiaketa guk irabazten bagenuen, seigarren taldekidearen bidaia guk geuk ordaindu behar genuela. Eta horixe egingo dugu”. 

Erantzun positiboa

Proiektuaren hasieran “pixka bat galduta” zeudela dio seikoteak: “Ez genekien oso ondo nola egin, baina laguntzarekin eta taldean lan ona egitea lortu dugu”. Hasieratik amaierara bilakaera izan dutela nabari dute, eta, “asko ikasi dugu”, diote. “Gure herriko ondarea ezagutu eta ezagutarazi dugu. Alde batetik, ondare materiala —besteak beste, Santa Ana baselizaren historia, San Esteban elizakoa, errotak, Amezola eta Lezama Leguizamon jauregiak, CIME eraikina eta industria—, eta bestetik, ondare ez-materiala, hau da, gure herrian gertatutako pasarteak —80. hamarkadako uholdeak, San Antonio elizaren sorkuntza eta garapena Jose Alberto Vicenteren hitzetan, Bandaseko greba edota herriko eskolaren garapena— jorratu ditugu”, diote. Bildu duten informazio gehiena udal webgunetik lortu dute eta argazki asko Joshua Miravalles herrikideak eta zinegotziak eman dizkie, eta horrekin guztiarekin Instagram kontua osatu dute: @etxebarri.ondarea. “Urrian hasi ginen proiektuarekin eta hilabete osoa eman genuen Instagram kontua elikatzen. Lan asko izan dugu, baina ilusio eta arreta handiz egin dugu”, diote. Lan eta ilusio hori etxebarritarrek ere nabari izan dute: “Herritarrengandik erantzun oso positiboa jaso dugu, hasieratik interes handia erakutsi baitzuten gure proiektuarekiko”, diote. Gainera, herritarren atentzioa deitzeko jolasak eta erronkak ere prestatu dituzte Instagram bidez: “Ikusten genuen jendeak parte hartzen zuela eta horrek asko lagundu zigun proiektuan sinesten”, diote. Instagram kontuak 710 jarraitzaile ditu gaur egun. 

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako lehen mailako gazteei zuzendutako Instagrameko lehiaketa hau Ondarearen Europako Jardunaldien 20. edizioko apustu berritzailea izan da. Helburu nagusia gazteen artean lurraldeko ondarea ezagutzea eta estimatzea sustatzea izan da, baita ingurune hurbileko baliabideen hedapenean aktiboki parte hartzea ere. Lehen edizioan 21 talde aurkeztu dira, tartean Etxebarriko seikote irabazlea, eta ikus-entzunezkoak, elkarrizketak, jolasak eta erronkak prestatu dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak