→Etxebarri

Ibilbide gidatuak eta erakusketa antolatu dituzte urrian Etxebarrin, Ondarearen Europako Jardunaldietan

‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ lemapean ibilbide ludiko-historikoak eta ‘Harrera’ erakusketa izango dira urrian zehar Etxebarrin.

Ondarearen Europako Jardunaldiak iaz Etxebarrin // Geuria

Urtero bezala eta udazkenaren helduerarekin, Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatuko dira urrian Bizkaiko hainbat herritan. Aurtengo gaia ‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ da eta Hego Uribe eskualdean Arrigorriagan, Etxebarrin eta Ugaon antolatuko dituzte jarduerak. Etxebarriren kasuan, Udalak Bizin kooperatibarekin eta Formarte artisten formazio zentro inklusiboa entitatearekin bi jarduera antolatu ditu: ibilbide gidatuak batetik, erakusketa gidatua bestetik.  

Ibilbide gidatuei dagokienez, ibilbide ludiko-historikoak antolatu dituzte urriaren 22tik 24ra bitartean. Etxebarriko beheko aldean udalerriaren toponimia, zenbait leku historiko eta interes arkitektonikoa duten eraikinak (hala nola, udaletxea, Santa Ana ermita, Zubiondo errota eta Legizamon zubia) ezagutzera emango dituzten hiri-ibilbideak dinamizatuko dituzte. Mugikortasun murriztua eta aniztasun funtzional sentsoriala (ikusmen edo entzumen urritasuna) duten pertsonentzat moldatutako informazioa eta seinaleztapena izango ditu ibilbideak. Urriaren 22an eta 23an 12:00etan eta 17:00etan izango dira ibilbideak udaletxeko plazatik, eta urriaren 24an 12:00etan soilik.

Bestetik, ‘Harrera’ izeneko erakusketa antolatu dute urriaren 15etik 24ra bitartean. Erakusketa gidatu eta iruzkindu honen bitartez aniztasun funtzional intelektuala eta psikikoa duten artisten lanak ezagutaraziko dituzte. Gainera, gerren eta gatazka belikoen ondoriozko errefuxiatuen fenomenoan sakonduko du erakusketak. Ekintza BilbaoFormArte prestakuntza-zentroarekin elkarlanean antolatu dute. Urriaren 15etik 22ra bitartean erakusketa zabalik egongo da 17:00etatik 20:00etara Kultur Etxean, eta urriaren 23an eta 24an 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Jarduera hauetako batean izena eman nahi duenak kultura@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzi edo 944 267 005 telefono zenbakira deitu besterik ez du egin behar. Ibilbideak eta erakusketa gidatua euskaraz, gazteleraz eta zeinu hizkuntzan eskainiko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak