→Etxebarri

Ostalarientzako zuzeneko laguntzak emango ditu Etxebarrik, Covid-19ak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko

70 saltoki izango dira diru laguntza horien onuradun // Etxebarriko Udala

Covid-19ak Etxebarriko merkataritza- eta ostalaritza-jardueran eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz, zuzeneko laguntzak emango ditu Udalak. Diru laguntza horiek itxiera-dekretuen eta bere garaian laguntzarik jaso ez eta normaltasunez garatu ezin izan zuten jardueren ondorioz establezimenduak nahitaez ixteak eragindako udalerriko txikizkako saltokientzat, ileapaindegientzat eta ostalaritza-jarduerentzat izango dira.

Laguntza kalkulatzeko, gastu orokorrak (udal-zergak, funtsean), babes-materialetako gastuak eta jarduera ekonomikoaren galera hartu dira kontuan. Horren arabera, honako diru kopurua emango du Udalak: jatetxeentzako 700 euro, tabernentzako 430 euro, ile-apaindegi eta txikizkako merkatarientzako 250 euro, eta jarduera normaltasunez garatu ezin izan zuten eta aurreko deialdietan laguntzarik jaso ez zuten saltokientzako 600 euro.

Guztira, 70 saltoki izango dira diru laguntza horien onuradun, eta Udalak orotara 26.630 euro bideratuko ditu. Merkatariek eta ostalariek ez dute inolako izapiderik egin beharko. Zuzeneko laguntza horietatik kanpo geratzen dira osasun-arauak ez betetzeagatik zehatutako jarduerak, Udalarekin zorrak dituztenak, irekita ez daudenak eta elikagaien sektoreari, estankoei, farmaziei eta drogeriei lotutakoak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak