→Etxebarri

Institutuko jantokiko soberakinak aprobetxatzeko lehen Rexcatering hozkailua jarri dute Etxebarrin

Etxebarriko Institutuko jantokiko janari-soberakinak kudeatzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko Rexcatering ekimena jarri dute martxan herrian. Hain zuzen ere, ‘vending’ makina bat jarri dute Kultur Etxearen kanpoaldean (Andaluzia kalea), eta Institutuko jantokian ikasleek jan barik uzten duten janaria tuperretan jarri ondoren, berriro jendaurrean jarriko dute makina horren bitartez. Bizkaiko lehenengo Rexcatering hozkailua da Etxebarrikoa eta martxan izango da maiatzaren 2tik aurrera.

“Pertsona guztiei zuzendutako proiektu honen unibertsaltasuna azpimarratzekoa da, erabiltzaileen egoera sozioekonomikoa edozein izanik ere. Tuperrak hartzea doakoa da eta edonork erabiltzeko moduan egongo dira”, dio Iker Lopez Etxebarriko zinegotziak.

Etxebarriko Institutuko ikasleek kudeatuko dute Rexcatering proiektua eta ‘vending’ makina. “Ikasleak oso pozik daude. Askok interesa jarri dute proiektuan eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute. Egunero, DBH3 eta DBH4ko ikasleek soberan geratu diren tuperrak ekarriko dituzte ‘vending’ makinara, edozein herritarrek har ditzan”, dio Nerea Perez Etxebarriko Institutuko Agenda 30eko bigarren arduradunak.

Prestakuntza espezifikoa

‘Vending’ makina hori hornitzeko, programa bat jarri dute abian Etxebarriko Institutuan. Programa horretan, DBHko ikasleek, jantokiko langileek eta irakasleek hartzen dute parte. Horretarako, prestakuntza espezifikoa jaso dute, prozesu osoan eman beharreko urratsak ezagutzeko: ontziratzea (% 100 konpostagarriak diren ontzietan); termozigilatzea (film konpostagarriarekin); ontzien etiketak; tenperatura-eraisgailutik pasatzea (izozkailua); eta tuperrak makinara eramatea eta jasotzea.

“Lehen urratsa sukaldeko langileek egingo dute; gainerakoak ikasle-taldeek koordinatuko dituzte, irakasleek eta Rexcateringek gainbegiratuta. Gainera, tuperren jarraipena egingo dute aplikazio informatiko baten bidez, makinan dauden tuperrak zorrotz kontrolatzeko”, dio Perezek.

‘Residuo 0’ Fundazioaren laguntza eta aholkularitza izango dute Institutuko ikasleek, eta Etxebarriko Udalak ekonomikoki lagundu du. Etxebarriko Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta Ideia Berritzaileen lehiaketa irabazi zuen iaz proiektuak, eta aurten jarri dute martxan. Ingurumen eta gizarte kontzientzia duen ostalaritza-zerbitzu kolaboratiboa da Rexcatering, jantoki handiekin, eskola-jantokiekin, udaletxeekin eta hezkuntza-zentroekin lankidetzan aritzen dena, soberakinak berreskuratzeko eta elikagaien kontsumoa eraginkorra izateko. “Jatorrizko ideia eta helburua janaria zabortzat hartu ezin den gizartea lortzea da. Eguneroko irtenbideak bilatzen ditu elikagaiak berrerabiltzeko eta etorkizunean arau-aldaketak lortzeko, herritar guztien sentsibilizazioa, parte hartzea eta aktibazioa landuz”, dio Alvaro Saiz ‘Residuo 0’ Fundazioko kideak (Galdakaoko GBGEko kide ere bada Saiz).

Oraingoz Etxebarriko Institutuko jantokiko janari-soberakinekin beteko dute Rexcatering hozkailua. “Asmoa dugu Kukullaga ikastetxeko jantokietara ere proiektua hedatzea, baina aztertu behar dugu. Izan ere, ikasleen adina 12 urtetik beherakoa da eta korapilotsuago izan daiteke”, dio Iker Lopezek. Era berean, Etxebarriko industriaguneetan dauden enpresei aukera luzatuko die Udalak: “Dagoeneko enpresa bat harremanetan jarri da proiektuaz galdezka. Ikusiko dugu aurrera egingo duen. Espero dezagun baietz”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak