→Etxebarri

Saltokien Jaia antolatuko dute apirilean Etxebarrin: haurrentzako jarduerak, pintxoak eta Xaibor Diskofesta

Xaiborren diskofesta izango da Zintururin apirilaren 30ean arratsaldean-gauean // Argazkia: Xaibor Diskofesta

Etxebarriko merkatariek jaialdia antolatuko dute apirilaren 30ean, larunbatez, herritarren konpromisoa eskertzeko. Pandemiarekin eta izan dituen ondorioekin “hilabete zailak” igaro ondoren, Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, “denbora horretan zehar emandako bermeagatik”, diote. Horregatik antolatuko dute Saltokien Jaia.

Hiru gunetan banatuta, haurrentzako jarduerak, saltxitxada eta txorizada herrikoia eta Xaiborren diskofesta izango dira apirilaren 30ean. Haurrentzako jarduerak udaletxeko plazan izango dira 12:00etatik 14:00etara, eta besteak beste, puzgarriak eta tailerrak izango dira. Saltxitxada eta txorizada herrikoia kiroldegiaren inguruan izango da 14:00etatik 16:00ak bitartean, eta 0,50 euroko dohaintzarekin Ukrainara bidalitako laguntzen garraioan lagundu ahal izango da. Eta azkenik, 20:00etatik 22:00etara bitartean diskofesta izango da Zintururi plazan Xaiborren eskutik.

“Ospakizun honekin eskerrak eman, herritarrentzat ikusgai izatea eta, merkatari eta bizilagunen arteko harremana indartzea nahi da, kalitatezko eta hurbiltasunezko zerbitzua ematen jarraitzeko, betidanik egin den bezala”, diote antolatzaileek. Udalak iaz onartutako Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren datuen arabera, azken hamarkadan % 26 hazi da biztanlegoa Etxebarrin: “Datu horiek negozio-aukera handia erakusten dute. Elkartuta lan egiten badugu, ziur gaude gure merkataritza-sarea mantentzeko eta, ahal bada, handitzeko helburuak lortuko ditugula”, diote udal ordezkariek.

Tokiko saltokietan kontsumitzea

Saltokien Jaia ‘Nik Etxebarriko saltokiekin konpromisoa hartzen dut’ kanpainaren barruan antolatu dute. Udalak herriko Merkatarien eta Profesionalen Elkartearekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan gauzatzen ari den kanpaina da, eta helburua da tokiko merkataritzarekin inplikatzen jarraitzeko deia egitea, bertan kontsumitzea sustatzeko.

Kanpainara atxikita dauden saltokietan 150 binilo itsasgarri jarri dituzte. Gainera, herritarren artean 2.000 iman-txapa banatuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak