→Etxebarri

San Antonioko ‘Pisu horien’ ingurua berritzeko obrak kontratatuko ditu laster Etxebarriko Udalak

// Argazkia: Etxebarriko Udala

San Antonio etorbideko ‘Pisu horien’ ingurua berrurbanizatzeko obrak egingo ditu Etxebarriko Udalak. Zehazki, etorbideko 1. eta 13. zenbakien arteko ingurua berrurbanizatuko dute eta horretarako obrak egiteko kontratazio prozesua hasi du Udalak.

Asmoa da eremuaren irisgarritasuna, argiztapena eta komunikazioa hobetzea: “Konexioa hobetzea ekarriko du obrak, ingurunearekiko harremanak areagotuko dira eta sarbide atseginagoak eta arinagoak sortuko dira San Antonio etorbidearen eta Marivi Iturbe kalearen artean, bi lotura zuzen eta irisgarri berriren bidez”, diote udal ordezkariek.

Obra horren aurrekontua 864.000 eurokoa da eta enpresek otsailaren 28ra arte dute eskainitzak aurkezteko. Martxoan zehar jaso dituzten eskaintzak aztertuko dituzte udal teknikariek zein arduradunek eta ondoren, obrak esleituko dituzte.

Diru-laguntza Europatik

“Gune horrek behar diren baldintzak izango ditu gizartea, kultura eta merkataritza dinamizatzeko ekimenak garatzeko”, diote udal arduradunek. Hain zuzen ere, esku-hartze hori Europar Batasunak (Next Generation EB) finantzatuko du, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren bidez, eta Kukullaga/San Antonio merkataritza-eremuko oinezkoentzako sistemaren eta espazio libreen hiri-berrantolamenduko obren proiektuaren barruan dago. Proiektu honetarako, zehazki, Europako funtsetatik 428.500 euroko diru-laguntza jasoko du Etxebarrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak