→Etxebarri

Sergio Martinez Villar etxebarritarraren ‘Itsaso’ ikusgai izango da 2022ko Laburbira zirkuitoan

amaia Irazabal da 'Itsaso' film laburreko aktorea // Laburbira

Laburbira, euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuitua buelta da. Aurten 19. edizioa da eta guztira 19 lan aurkeztu dira: horietatik 9 film hautatu dituzte herriz herri ikusi ahal daitezen. Tartean, Hego Uribe eskualdeko herritar baten film laburra hautatu dute 2022ko Laburbiran: Sergio Martinez Villar etxebarritarraren ‘Itsaso’, alegia.

“Aukeraketa prozesu hau lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontutan hartuz burutu da, 80 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu eta ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz”, diote Topagunetik. Hain zuzen ere, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Laburbira, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin eta Tokikomen laguntzarekin. “Euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbira, 2021 urtean zehar ekoitzitako film-labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei”, diote antolatzaileek.

2022ko Laburbira zirkuitua otsailaren 25etik martxoaren 27ra bitartean izango da. Laburbira edozein herritan antolatu daiteke, eta dagoeneko zabalik dago herrietan emanaldiak antolatzeko epea. Elkarteek edota Udalek izena eman dezakete otsailaren 11ra arte esteka honen bitartez.

Mobilarekin grabatutakoa

Sergio M. Villar Etxebarrin bizi den kantabriarra da eta iaz ekoitzi zuen ‘Itsaso’ film laburra. Egilearen esanetan, jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko zineman egindako ibilbidea bermatzen duen proiektua da. Minutuko bateko iraupena du eta Iphone 11 mugikorrarekin grabatu zuen osorik, 4Kn. Amaia Irazabal da aktore nagusia.

‘Itsaso’ film laburra hainbat jaialditan aurkeztu du Sergiok eta nazioarteko hainbat sari eta selekzio pilatu ditu. Hala nola, Indie Short Festen, San Francisco Indie Short Festivalen, IndieX Film Festen, Phoenix Shortsen, Mobile International Film Festivalen eta Independent Shorts Awards jaialdian.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak