→Etxebarri

Suhiltzaileek erabat kontrolpean dute Etxebarriko sutea; foku txikiak itzaltzeko lanetan ari dira

Dena ondo bidean, aurki bukatuko da Etxebarriko sutearen ametsgaiztoa.

Suhiltzaileek gau osoa pasa dute Etxebarriko sutean lanean / Bomberos Bizkaia

Dena ondo bidean, aurki bukatuko da Etxebarriko sutearen ametsgaiztoa. Atzo eguerdian piztu zen sutea, enpresa ezberdinak batzen dituen SAGA eraikinean eta ibilgailu elektrikoak egiten dituen Nuuk enpresaren pabilioian, zehazki. Kanpotik sute txikia ematen zuen arren, larrialdi zerbitzuek hasieratik ohartarazi zuten ezbeharraren larritasunaz: ibilgailu elektrikoek erabiltzen duten litiozko eta plomozko bateriek asko zailtzen dute sua amatatzea eta sortzen duten kea toxikoa da. Atzo eta gaur artean, ia Bizkaia osoko parkeetako suhiltzaileak izan dira Etxebarrin: Basauri, Bilbo, Artaza, Derio, Urioste eta Iurretakoak, eta 25 ibilgailu pasatu dira bertatik. Zenbait momentutan, 300 graduko tenperatura izan da eraikinaren barruan. Kea arnasteagatik eta nekeagatik hiru suhiltzaile hartatu behar izan dituzte larrialdi zerbitzuek.

Bada, orduak igaro ahala, ke laino beltza geroz eta handiago egiten joan zen, eta gaualdean erraz ikusi zitekeen Basauritik eta Bilbotik. Etxebarriko Udalak leihoak ixteko aholkatu zien herritarrei, eta poliziak N-634 errepideko errail bat itxi zuen ke lainoak sortutako zailtasunengatik.

Argazkia: Joxe Rojas

 

Argazkia: Geuria

Suhiltzaileek gau osoa eman dute sua itzaltzen, eta ia amatuta dute jada, su foku-txikiak baino ez dira geratzen. Hala ere, kearen toxikotasuna dela eta, leihoak itxita mantentzeko eskatu die Udalak herritarrei.

Suteak eraikinean eragindako kalteak neurtu beharko dira orain: 40 enpresa inguru biltzen dira SAGA eraikinean, eta baliteke kalte ekonomikoak handiak izatea. Nuuk enpresak ibilgailu elektrikoen biltegi gisa erabiltzen zuen pabilioia, eta kiskalita geratu da dena.

Sutearen argazki gehiago

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak