Tokiko merkataritza biziberritzeko diru-laguntza bat jaso du Etxebarrik Europako funtsetatik. Diru-laguntza horrek merkatu, hiri-gune komertzial, merkataritza ez-sedentario eta merkaturatze-kanalak laguntzeko asmoa du. Etxebarriko laguntza hori Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta Next Generation EU berreskuratze-funtsekin finantzatuko da oso-osorik. Zehazki, 566.000 euro jasoko ditu Etxebarriko Berrikuntza Zentroak (Cime) eta diru-laguntza horri esker, besteak beste, Kukullagako merkataritza-ingurunean San Antonio etorbideko 1-13 zenbakiak berrurbanizatzeko obrak egingo dituzte. Halaber, gizartea, kultura eta merkataritza dinamizatzeko ekimenak garatzeko erreferentziazko espazio libre bat sortzea; merkataritza-guneetan seinalitika espezifikoa jartzea; eta argiztapen jasangarri eta eraginkorreko sistema bat ipintzea aurreikusi dute udal ordezkariek.
Esku-hartze horiek guztiak ‘Go!! EtxeMarket’ proiektuaren barruan daude. Txikizkako merkataritza-sektorearen eraldaketa digitalerako proiektua da ‘Go!! EtxeMarket’, eta Etxebarriko merkataritzaren ikuspegi orokorra bultzatuko duen erakusleiho bakarra ezartzea du helburu: “Eskaintza erakargarria, lehiakorra eta komunikazio- eta hedapen-estrategiarekin bat datorrena, hau da, Etxebarri marka”, diote udal arduradunek. ‘Go!! EtxeMarket’ proiektuak egungo merkataritza sendotu nahi du, eraldaketa digitala bultzatuz eta merkataritza iraunkorreko eredu berriak sortuz. “Etxebarriko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronkei ekintzen bidez erantzuna emango dien tresna izan nahi du proiektuak, herritarren bizi-kalitatea hobetu nahian”, diote.
Milioi erdiko diru-laguntza horrez gain, Etxebarriko Udalak 377.000 euro jarriko ditu; hortaz, guztira, 943.000 euro inguru bideratuko dituzte tokiko merkataritza biziberritzera. Diru-laguntzaren zati handi bat hiri-berrantolaketa egiteko bideratuko dute.
