→Etxebarri

1.500 euro baino gehiago banatuko ditu Etxebarriko Merkatarien Elkarteak, tokiko kontsumoa sustatzeko

Artxiboko irudia // Geuria

Tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin ‘Harraskatu eta irabazi’ kanpaina antolatu du Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkarteak Udalaren laguntzarekin. “Bertako saltokietan erosteak sariak ekarriko ditu!”, diote. Izan ere, erosketa bakoitzarekin ‘Harraskatu eta irabazi’ txartelak erosi ahal izango dira: “Bezeroek, harraskatzerakoan, berehala jakingo dute saria egokitu zaien edo ez”, diote.

Kanpaina honetan zehar, 5.000 txartel banatuko dituzte 45 saltoki elkartuetan. Horien artean 200 txartel saridun baino gehiago daude (bakoitza 6 eurorekin), dendetan bertan gastatzeko. “Guztira, 1.584 euro jasoko dira tokiko kontsumoa sustatzen lagunduko duten sarietan”, diote udal arduradunek.

Kanpaina otsailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean egongo da martxan. Eta saritutako txartelak martxoaren 31ra arte trukatu ahal izango dira txartelean bertan adierazitako establezimenduan.

“Promozio hau hurbileko merkataritza bultzatzeko garatzen da, eta, horrekin batera, bezero potentzialen hazkundea sustatzeko, baita gure herriko eremu ezberdinetako establezimenduen ikusgarritasuna ere: San Antonio, Kukullaga eta San Esteban. Etxebarrin gehiago kontsumitzea bilatzen da, eskaintza dagoelako, zerbitzua dagoelako, kalitatea dagoelako eta Etxebarri garelako”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak