→Etxebarri

Asier Bidart: “Etxebarriko toponimo gehienak euskarazkoak dira; euskaraz bizi zan komunitate baten lorratz argia”

Asier Bidart Meabe galdakoztarrak Etxebarriko toponimiari buruzko ikerketa egin zuen duela urte batzuk. Aurten Udalak liburua berrargitaratu du.

Galdakoztarrak Etxebarriko toponimiari buruzko ikerketa egin zuen 2005ean // Geuria

Etxebarriko Euskara Zerbitzua 2001. urtean eratu zuten. Herrian normalkuntzaren eta hizkuntza ondarearen “gabezia nabarmenak” ikusita, Euskara Biziberritzeko Planaren baitan, Etxebarriko toponimiari buruzko ikerketa abiarazi zuten. Egiteko horretan Asier Bidart Meabe (Galdakao, 1973) galdakoztarrak lan egin zuen Ainara Apraizekin batera, eta biek egindako ikerketa lanari esker Etxebarriko toponimia biltzen duen liburua argitaratu zuten 2006an. Labayru Ikastegiaren laguntzarekin atera zuen Udalak liburu hura. Aurten, liburuaren edizio berria publikatu du Etxebarriko Udalak: itxura aldetik hobekuntza izan du liburuak, argazki gehiago eta kalitate handiagokoak edota kale izendegi eguneratua. Berrargitaratze hori aprobetxatuta, duela urte batzuk egindako ikerketa lanaz galdetu diogu Bidarti.

Etxebarriko toponimiari buruzko ikerketa egin zenuen duela urte batzuk Ainara Apraizekin batera.
Hala da. Labayru Fundazioa 1977an sortu zan eta, iker-erakundea dan aldetik, sorreratik bertatik, euskal kultura ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko asmoa euki dau. Gogoan daukat 2001eko otsaila inguruan Lezamako toponimiaren ikerketa egiteko ardurea jaso nebala. Aurrez Labayruk Ander Ros eta Jesus M. Cabelloren Basauriko toponimia argitaratu eban. Gerora etorri ziran Elorrio, Etxebarri, Zamudio eta gainetikoak. Ikerketarako urte onak izan ziran 2008ko krisiaren aurrekoak eta Etxebarriko Udaleko ikerketa esleipena be garai harexetan egin zan. 

Zer biltzen du zehazki ikerketak?
Ikerlanean idatzizko eta ahozko erregistroak bilbatu ziran. XVI. eta XX. gizaldien arteko idatzizkoak eta ikerketa egin zaneko ahozkoak. Toponimia ikerketetan leku-izenen deskribaketa diakronikoa eta sinkronikoa egiten da, eremu jakin bateko leku-izenak zehatz jasotzeko, bai eta euren eboluzinoa ezagutzeko be.

Zertarako eta zergatik egiten dira udalerrietako toponimiari buruzko ikerketak?
Kultur-ondarea ezagutzeko, babesteko, gizarteratzeko… Gure herrietako toponimoak, gure kultur-ondarearen parte dira eta babestu beharrean dagoz. Leku-izenak eurak abizenetan, bizimoduan, gertakarietan, orografian, landaredian, ofizioetan… daukie jatorria. Jose Migel Barandiaranek leku-izenak eurak, kondairakaz batera, hirugarren geruzan kokatzen dauz. Lehenengoan lurrazala, bigarrenean gizakiak lehenengoaren gainean altxatutako etxe, zubi eta gainerako eraikinak. Hirugarrenak, baina, lehenengoari eta bigarrenari izena eta izana ematen deutse. Dana dala, mendeek aurrera egin ahala, bizimodua bera be aldatu egin da, bai eta gizakiak inguruagaz daukan hartu-emona, eta, zelan ez, leku-izenak eurak be: asko galdu egin dira; beste hainbeste ordezkatu; edo baita garkoratu be, garai bateko izenak gaur eguneko inguruaren errealidadeagaz. Ikerketaren bitartez leku-izenen katalogoa paratzen da, lehena eta oraina deskribatuko eta buztartuko dauen jakintza gizarteratuz.  

Ia 40 herritarrekin bildu zineten.
Liburuan bertan dagoz euren erreferentziak. Oro har, laguntasun handia izan genduan eta eurei eskerrak hainbeste leku-izen kokatzeko erea izan genduan. Urte asko pasau dira ordurik hona, baina ez daukat ahazteko, besteak beste, Amezti mendi-taldeko Andoni Larraberen laguntza eta konpromisoa.

Herritarrekin izandako elkarrizketetaz zer gogoratzen duzu?
Batez be euren gaztetako Etxebarri. Eurekaz egindako berbaldietan gure begiekaz ikusi ez dogun Etxebarriren barri izan genduan, bai eta herriaren eraldaketaren barri be. Euren gogoan bizi-bizirik egoazan Uribarri, Legizamon nahiz Kukullaga inguruetako solo-arloak, lantzarrak, bedartzak, arestiak eta abarrak. Euren kontatzeko moduak eta kontakizunei ipinitako sentimenduek hunkitu egin ginduzan.

Etxebarriko auzo, kale, etxe, baserri edota landare izenak jaso zenituzten ikerketan.
Agiri bilketea hasteagaz batera akorduan daukat konturatu ginala dokumentatzen ari ginen Etxebarrik zerikusi gutxi eukala XXI. gizaldikoagaz. Sentsazio hori areagotu egin zan udaletxean egoazan agirietako euskarri grafikoak ikusi genduzanean. Ez genkian landa-lanetik zein informazio jasoko genduan, baina garai hareetan pentsau genduan derrigorra zala, modu batera edo bestera, XX. gizaldi hasierako Etxebarri, eraldatu aurrekoa, alegia, mapa batera eroatea. Zeozelan esku artean geneuzkan erreferentziak gizarteratu behar genduzan: Uribarri nahiz Kukullagako baserri eta solo-izenak, Kukullaga auzoko baso-txatalak, Ametzolako eraikinak… Aipagarri da, berbarako, Kukullaga auzoak euki dauen eraldaketea. Eleiza bera be bertan egoan eta horren lekuko dira Eleizgoiena, Eleizaoste, Eleizondo edo Eleizakoetxe toponimiak, danak be, Zintuduri edo Palatusagasti mendien babespean. Gerora, baina, tokiz aldatzea erabagi zan, eleizaren egoera txarrak eta, bereziki, bizitasun handiagoko tokiren batean lekutu nahiak eraginda.  

Ikerketa egin zenuten bitartean eragozpenik izan zenuten?
Bilbotik hur egoteak erabat baldintzatu dau herriaren garapena. Aldaketa, barriz, arina eta goitik beherako izan da, bereziki Uribarribekoa ibar inguruan industria sartu zanetik aurrera. Gaur egun sinisten gatx egiten bazaigu be, ordura arte nekazaritza eta abeltzaintza zan nagusi udalerrian. Toponimia ikerketa batean informazio asko jasotzen da agiri idatzietatik: solo, baso eta baserri izenak; eraikinen deskribaketak, udalerrian jazotakoak… Normalean aldaketa gitxiko udalerrietan eta informante egokiakaz fazilagoa izaten da toponimoak kokatzea, baina Etxebarriren kasua bestelakoa izan da. Hala eta guztiz ere, horrenbeste leku-izen kokatzea lortu genduan, liburuagaz batera argitaratutako mapa da horren adibide.  

Honakoa adierazi zuen Labayru Ikastegiak: “Sustrai euskaldunak ditu Etxebarrik, eta toponimia dugu horren erakusgarririk garbiena”.
Liburuaren atzealdean dagoan toponimoen aurkibideari begiratu bat egin ezkeroan atoan konturatuko gara toponimo gehienak euskarazkoak direla; euskaraz bizi zan komunitate baten lorratz argia. 

Bitxikeria bezala aipatu egiten da liburuan forma ia karratuko zezen-plaza zegoela Etxebarrin.
Karratua-edo. Inguruko informanteen arabera karratua ei zan, agiri idatzietan, ostera, luzanga zala aitatzen da, borobila muturretako batean eta erpinduna bestean. Dana dala, zezen-plaza gaur eguneko N-634 errepidean egoan, oraintsu eratsi daben Plazagana (Txatoana) eta Etxepinto etxeen artean. Tokian bertan udaletxea, eskola, taberna eta bolatokia egozan.  

Berezitasun gehiagorik gogoratzen duzu?
Aurrez esandakoetatik adierazi geinke udalerriko gunea apurka-apurka Kukullagatik Exetiagara pasatu zala XIX. gizaldiaren erdialdetik aurrera, udalerriak garai berrietara egokitutako eraikinak Exetiaga baserriko lurretan altxatu ebazan-eta, Santa Ana ermitatik paraje: Done Esteban eleiza, udaletxe, herriko eskolak, abade eta maisu-maistrentzako logelak, alondegia, kartzela, botika… Auzoari berari ere izena aldatu eutseen Exetiagaren ordez Ametzola ipiniz, Jose Amezola herriko semearen omenez.

Asier Bidart Meabe galdakoztarrak Etxebarriko toponimiari buruzko ikerketa egin zuen duela urte batzuk. Aurten Udalak liburua berrargitaratu du

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak