→Etxebarri

‘Txoko morea’ jarri dute Etxebarriko liburutegietan, emakumeen lanen erakusleiho

103 ipuin eta liburu gehitu dituzte San Antonioko eta Bekosoloko liburutegietan // Etxebarriko Udala

Generoari eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzeko asmotan Etxebarriko Udaleko Berdintasun arloak ‘Txoko moreak’ jarri ditu San Antonioko eta Bekosoloko liburutegietan. Txoko morearen helburuak dira generoari eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzea, emakumeen lanei agerikotasuna ematea eta emakumeen historian sakontzen duten liburuen erakusleiho bilakatzea. Bi liburutegietan banaturiko 103 ipuin eta liburu gehitu dituzte aurretik bazeuden izenburuetara.

“Ekimen honek anitza den errealitatea isladatzea eta edonor ongi etorria sentitu ahal izatea sustatu nahi du. Honez gain, txoko morea genero-rolak alde batera utzita, emakume eta gizonen arteko berdintasunean hazi, hezi eta baita ikasitako desberdintasunetatik askatzeko laguntza izatea espero da”, diote udal ordezkariek: “Izan ere, emakume eta gizonei buruz mantentzen ditugun ideia estereotipatuak nagusi dira kontsumitzen ditugun kultura produktuetan. Horregatik, premiazkotzat jo da herriko liburutegietan emakumeen fisiologia, berdintasuna, indarkeria matxistaren prebentzioa, arrazakeria, familia aniztasuna, orientazio sexuala edo genero identitatea bezalako gaiak lantzen dituzten materialentzako tokia egitea”.

Txoko Morea Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunak ezartzen dituen helburuen artean kokatzen da. Itunak finantzaketa ematen die udalei, beren tokiko jardueraeremuan genero indarkeria desagerrarazteko programak bultzatzeko. Ildo horretan, Estatu Itunak honako hau sustatzen du: “Emakumeen aurkako indarkeria mota ororen inguruko sentsibilizazio-eta prebentzio- kanpainak egitea, eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan informatzeko materialak prestatzea”. Proiektu honen bidez, liburutegietan sentsibilizazio eta prebentzio funtzio hori bete dezaketen guneak sortu nahi izan dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak